Jabi Otegi urduliztarrak umetatik darama Urdulizko buztan egosiaren festako lapikoen artean murgilduta. Gaur egun, antolakuntza-lanetan dabil bera, eta duela 54 urte ospatzen hasi ziren jaiegun gosegarri horren jatorria horrela jaio zela diosku: “Inguruko herriek bazeuzkaten beraien gastronomia-jaiak: Aixerrotan, paellak; Mungian, sukalkia; eta Berangon, bakailaoa. Hori ikusita, Txori Alai kultur elkarteko lagun-talde batek erabaki zuten rabu sariketa ere egitea Urdulizen”. Hori duela mende erdi baino gehiago izan zen, eta, gaur egun, ohiturak bizi-bizi jarraitzen du; herriko jaiegun ospetsuenetako bat da urduliztarrentzat.
Herriko jende gaztea eta ez hain gaztearentzako “instituzio bat” dela dio Otegik, eta urtez urte kuadrilla gehiagok parte hartzen du: “Akabuan, adin bateko jendea topatzen gara, aspaldi ikusi bako lagunak, kanpotik ere jende asko etortzen da, eta giroa ederra izaten da”. Jaiegunak izenean txapelketaren izaera islatzen badu ere, helburua ez da lehiatzea, “elkarregaz ondo pasatzea da; horregatik, hainbat sari ematen ditugu: gazteenei, parte hartzaileenei, alferrenei... Herriko jai bat denez, eta helburua ederto pasatzea denez, guztientzako egongo da sariren bat”.
Aurten, berritasun gisa, Burrunba Elektrotxarangak alaituko du arrastiko giroa: “Gazte gehiago etortzera animatu nahi ditugu, horretarako, txaranga bat ekarriko dugu, baina gainontzeko egitarauak berdina izaten jarraituko du”.
Parte-hartzaile kopuruaren aurreikuspenak egitea zaila dela dio antolatzaileak, baina aurreko urte bietan ez dutenez egin, aurten, jendea gogotsu egongo dela uste du; horrexegatik, 60 lapikotik gora aurkeztuko direla aurreikusten du.
Egitaraua
Uztailak 9, zapatua
- 07:30 Txupinazoa eta jaien hasiera.
- 09:00 Txistulariak herriko kaleetatik eta Rabu txapelketan izena emateko epearen irekiera.
- 12:30 Iratxo Gorria dantza-taldearen ekitaldia eta goizean zehar trikitilariak egongo dira inguruak girotzen.
- 12:45 Lehiaketan izena emateko epearen amaiera.
- 13:30 Kazolen aurkezpena eta epai-mahaiaren xede-hartzea.
- 14:45 Kazolak aurkezteko epearen amaiera.
- 17:30 partaideen artean sari-banaketa eta jaiaren amaiera.
- Eguna ederto bukatzeko, Burrunba Elektrotxarangaren eskutik emanaldia egongo da