Urdulizera sartzeko bide berrian kokatutako Bizkaibusen markesina berriak aurkeztu dituzte

Erredakzioa 2022ko aza. 2a, 18:59

Gomez Viar, Javier Bilbao eta Vidal Martinez. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Bizkaibusen markesina berri bi aurkeztu dituzte gaur Urdulizen, udalerrira sartzeko bide berrian: Labetxe Bidea kalean. Geltokikok Aita Gotzon kalean zeuden. Markesinok Bizkaiko Foru Aldundiak jarritako azken modeloaren araberakoak direla jakinarazi dute gaurko aurkezpenean.

Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko diputatua den Miguel Angel Gomez Viarrek eta Javier Bilbao Urdulizko alkateak gaur aurkeztu dituzte bi geltoki berrietan jarritako Bizkaibusen bi markesinak, bat norabide bakoitzean, udalerrira sartzeko bide berrian, Labetxe Bidea kalean.

Bizkaiko Foru Aldundiak jarritako azken modeloaren araberakoak dira, hau da, altzairu herdoilgaitzezkoak eta beirazkoak, hiru modulukoak eta argiteria publikoari konektatuta daude. Era horretan, "arriskutsuak izan daitezkeen itzal-guneak edo puntu beltzak sortzea saihesten da", azaldu dute.

Geltokiak Bizkaibusen bi lineak Urdulizen egiten dituzten ibilbidean sartzen dira: A2166, Uribe Kosta - UPV/EHU; eta A3531, Leioa - Urdulizko Ospitalea - Gatika - Mungia.  Halaber, udalerriko puntu estrategiko batean kokatzen dira, oinezko asko ibiltzen den eremuan, Elortza Ikastetxe Publikoaren, udaletxearen eta posta bulegoaren ondoan.

Inauguratu berri den bidea martxan jarrita, bide nagusian trafikoa murrizteaz gain, ikastetxe-eremuko oinezkoen segurtasun-baldintzak hobetu direla eta inguruneko ingurumen-inpaktua murriztu dela ondorioztatu dute udal-arduradunek.

Horretarako, kale "atseginagoa eta hiritarragoa" diseinatu dute; ibilgailuentzako galtzada ahalik eta gehien doitu da, autoek abiadura moteldu dezaten (ezingo dute 30 kilometro orduko abiadura gainditu), eta, beraz, etxebizitzen ondoan espaloi handiagoa jarri ahal izan da.

Urdulizen jarritako markesina berriek diseinu modernoagoa eta gaurkotuagoa izateaz gain, "irisgarriagoak dira eta ingurumena gehiago errespetatzen dute", arduradunen arabera. Euskarri iskiatikoa eta gurpil-aulkientzako gune seinaleztatua dituzte. Eserlekuetan, beso-euskarriak ere jarri dituzte, erabiltzaileak erosoago egoteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun