ELA sindikatuak azpimarratu duenez, Osakidetzako langileen behin-behinekotasun tasa oso altua da, "neurrigabea, eta oso larria". Izan ere, deitoratu duenez, Osakidetzak behin-behineko kontratazioak egiten ditu egiturazko funtzioak betetzeko eta, horren ondorioz, langileek ez dute egonkortasunik, "langileak prekario bihurtuta".
Sindikatuak azaldu duenaren arabera, Osakidetzak plaza-kode batzuk sortu ditu orain gutxi, "lanpostuak egonkortzeko EPEa egiteko betebeharraren eta Estatutu Marko berria indarrean sartzearen ondorioz". Hala ere, sindikatuko kideek salatu dute lege hori ez dela bete, plaza horiek, behin-behineko langileek betetzen ari zirenak, "ez baitira nahikoak egiturazko beharrak betetzeko".
Hori dela eta, ELAk azpimarratu du beharrezkoa dela Osakidetzak aitortuta dituen lanpostuak baino gehiago egiturazkoak bihurtzea, eta lanpostu horiek egonkortzea, "plantillak enplegu publikoa finkatu ahal izateko eta, horrela, egonkortasuna bermatzeko".
Izan ere, gaur eguerdian egindako elkarretaratzean jakinarazi dutenez, Osakidetzak Europar Batasuneko behin-behinekotasun tasarik altuena ei du, "% 50etik gorakoa".
Egoera horri aurre egiteko, Europako erakundeek eskatu zuten Administrazio Publikoko ahalik eta aldi baterako enplegu gehien finkatzea, behin-behinekotasuna % 8ra murrizteko. Era berean, sindikatuak gogoratu duenez, Estatutu Markoa aldatu egin da, osasun-sektorean aldi baterako kontratuak egiteko modua arautu eta kontratazio-iruzurrari muga jartzen diona. Hala ere, zenbaki horietatik oso urrun daudela iritzita, langileek salatu dute Osakidetzari "interesatzen zaiona" dela "lan-baldintzen prekaritatean sakontzea, aldi baterako plantillaren tasa murriztu gabe".
🟢OTSAILAK 3 11,30-URDULIZ OSPI🟢
— ELA Osakidetza (@ELAOsakidetza) February 2, 2023
➡️ @ELAOsakidetza #Urduliz Ospitalean @OSIUribeESI kontzentraziora deitu du, #Osakidetza kontratazioaren iruzurra salatzeko.
❌ %58ko behin-behinekotasuna.
❌ Iruzurrezko lanpostuak.
✅ Legea bete.
✅ Enplegu finkoa sortu eta egonkortu. pic.twitter.com/mXyWqYc8LZ