Jose Ignacio Olea Llona izango da Urdulizko alkategai jeltzalea

Erredakzioa 2023ko mar. 1a, 13:28

Jose Ignacio Olea. © EAJ

Urdulizko EAJk maiatzeko udal-hauteskundeetarako bere alkategaia aurkeztu du: Jose Ignacio Olea Llona (Urduliz, 1961). Udalerrian jeltzaleen artean Baltza ezizenez ezaguna denak, hala, Javier Bilbao Lopategi, gaur egungo alkatea, ordezkatuko du talde jeltzalearen buru gisa. Olea alkateorde izan da azken hiru urteetan.

"Proiektu asko ditugu aurretik eta, batez ere, ilusio handia gure udalerriaren hazkunde ordenatua gidatzen eta laguntzen jarraitzeko", azpimarratu du Jose Ignacio Olea Llona EAJko alkategai berriak. Gaur egungo alkate Javier Bilbao Lopategi ordezkatuko du talde jeltzalean eta, hari buruz galdetuta, hurrengoa esan du: "Esker oneko hitzak besterik ez ditut Javirentzat eta Udalean urte hauetan guztietan berarekin egon diren emakume eta gizonentzat. Bere ahalegin eta dedikazioari esker, gaur egun Urduliz horretatik askoz gertuago gaude urduliztar guztiok nahi dugun baino; Urduliz hobea, zerbitzu gehiagorekin eta bizi-kalitate handiagoarekin".

Olea alkateorde izan da tokiko udaletxean azken hiru urteotan, eta , orain, EAJren proiektua zuzenduko du, "esperientzia eta ideia berriak uztartzen dituen" talde baten laguntzarekin: Gure taldean tokiko gobernuan beren gaitasuna erakutsi duten pertsonak daude, baita aire berria eta ekimenak dituzten
pertsonak ere, gizarte eta udalerri gisa aurrean ditugun erronkei aurre egiten lagunduko digutenak.

Jose Ignacio Olea Urdulizkoa da, 61 urte ditu, ezkonduta dago eta seme bat, alaba bat eta bi biloba ditu. Industriako ofiziala izan da, landa inguruneagaz konprometitutako gizona dela eta tradizioak maite dituela azaldu du, eta Urdulizen gaur egun planteatzen diren eta udalerriko bizi-kalitatea eta ongizate komuna nabarmen haztea ahalbidetu duten aukerekin gogotsu dagoela azpimarratu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun