Ekimena hilerri berritik gertu dagoen lursail batean gauzatuko dute, goizeko 10:00etatik 14:30era, tokiko Tantak elkarteak zuzenduta. Urdulizen erroldatuta dauden eta 2007 eta 2017 urteen artean jaio diren haurrei zuzenduta dago, eta, guztira, 120 haurrek parte hartu ahal izango dute.
Domekako lanaldi osoan zehar, hainbat jarduera egingo dituzte: alde batetik, iaz landaketan parte hartu ez zutenentzat bi tailer eskainiko dituzte. Lehenik, haurrek zuhaitza landatuko dute, eta, ondoan, identifikazio-plaka bat jarriko dute. Bertan, parte-hartzaile bakoitzak bere izena eta zuhaitzaren espeziea idatzi ahal izango ditu. Bigarrenik, jarduera hori amaitutakoan, arte-tailer batean jarriko dute abian sormena. Bestalde, iaz landaketan parte hartu zutenentzat, aurten jarduera berri bat antolatu dute: parte-hartzaile bakoitzak iaz landatutako zuhaitza ongarritu ahal izango du Artigaseko Bizkaiko konpostaje-plantatik ekarritako konpostagaz.
Landaketa- eta konpostaje-tailerragaz batera, momenturo azalpenak emango dituzte, modu horretan, txikienei ingurune naturalari buruzko ezagutzak helarazteko. Hala, naturagaz lotura sortuko dute, Haurren Basoaren helburu nagusietako bat betez.
Antolatzaileen esanetan, egitasmoaren harrera oso ona izaten ari da, "astebete falta izan baita eskainitako plazen erdia baino gehiago betetzeko". Parte hartu gura duten baina oraindino inskribatu ez diren pertsonek hemen egin ahalko dute.