Urdulizko Santa Mariñe egoitzako LABeko langileek lanuzteak egiten jarraituko dute lan-baldintza duinak exijitzeko

Nahia Martinez Gondra 2023ko mai. 16a, 14:04

Santa Marineko egoitza. © Santa Marine

Urdulizko Santa Mariñeko LABeko langileek adierazi dutenez, Mondragon Kooperatiba elkarteko Gestion de Servicios Residenciales (GSR) enpresak langileen sindikalgintzaren kontrako jarrerak erakusteaz gain, etengabe hautsi du langileen hitzarmen kolektiboa. Halaber, aurretiaz antolatutako mobilizazioen aurrean enpresak erakutsi duen jarrera ere salatu du sindikatuak. Horregatik, lan baldintza duinak lortzeko helburuagaz, hilabete honetan lanuzteak egiten jarraituko dituztela adierazi dute; 11:00etan eta 17:00etan egoitzako atean batuko dira hitzarmen duin bat exijitzeko. Horrenbestez, maiatzaren 15etik 20ra LABek Bizkaiko erresidentzietan deitutako greba egunetara batuko direla adierazi dute.

Udalerrian kokatuta dagoen Santa Mariñe adin nagusikoen egoitza, Mondragon Kooperatiba elkarteko Gestion de Servicios Residenciales (GSR) enpresak kudeatzen du duela urte bat baino gehiagotik. Langileek adierazi dutenez, hasieran, "pozik" hartu zuten lantokiaren kudeaketa GSR-ra pasatzea: "Ordura arteko kudeaketa negargarria albo batera utzi eta langileon zein ematen genuen zerbitzuaren baldintzak aldatuko zirela pentsatu genuen". Aitzitik, euren egoera hobetu ez dela deitoratu dute, izan ere, enpresak langileen sindikalgintzaren kontrako jarrerak erakutsi dituela salatu dute: "Langileon ordezkaritza legala aukeratzeko hauteskunde prozesua oztopatu du hasieratik, eta prozesu horren ondorioz gure ordezkarienganako mespretxuzko jarrerak izan ditu enpresak".

Gainera, GSRk langileen hitzarmen kolektiboa "etengabe" hautsi duela salatu dute: "Kategoriagatik egokitzen ez zaizkien funtzioak egitera behartu ditu langileak edo funtsezko aldaketak egitera behartu askotan, esaterako. Ez betetze hauen aurrean, guk enpresarekin egoera kudeatzeko elkarrizketa zabaldu nahi izan dugu, baina entzungor egin du eta Lan Ikuskaritzan salatzera behartuta aurkitu gara".

Azken horregaz lotuta, langileek azpimarratu dute antolatzeko eta greba egiteko duten eskubidea "oztopatu" gura izan duela enpresak: "Mehatxuekin eta familiarrak gure aurka jartzen saiatu dira. Ez dute lortu baina, langileok batuta eta borrokarako prest gaude, eta horrela erakutsi dugu."

Horregatik, "lan baldintza duinak, ratio jasangarriak eta kategoriaren araberako funtzioak exijitzeko", hilabete honetan zehar lanuzteak egiten jarraituko dituzte: 11:00etan eta 17:00etan egoitzako atean batuko dira langileak, egoiliarrak eta familiarrak.  Bestalde, maiatzaren 15etik 20ra LABek Bizkaiko erresidentzietan deitutako greba egunetara batuko dira.

Hala, argi adierazi dute mobilizazioakaz jarraituko dutela hitzarmen duin bat lortu arte: "Gure lan baldintzak borrokatuz zaintza sistema publiko eta duin bat borrokatzen dugu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun