Lan baldintza duinak aldarrikatzeko mobilizazioak iragarri dituzte egunotarako Santa Mariñe egoitzako langileek

Iker Rincon Moreno 2023ko eka. 26a, 11:53

Santa Mariñe egoitza, artxiboko irudian.

Urdulizko Santa Mariñe egoitzako gerokultureek edo geriatria-laguntzaileek hiruna orduko lanuzteak egingo dituzte bihar eta etzi, martitzen eta eguaztenean, lan baldintza duinak aldarrikatzeko. LAB sindikatukoek jakinarazi dutenez, beharginok bi hilabete baino gehiago daramatzate egunero 15 minutuko lanuzteak egiten eta, orain, kalera aterako dira euren aldarrikapenak ozen entzunarazteko.

Urdulizko Santa Mariñe egoitzako beharginek lan baldintza duinak eskatzeko 15 minutuko lanuzteak egiten daramatzate bi hilabete baino gehiago, baita zaintza etekin ekonomikoen gainetik jarriko duen eredua aldarrikatzen ere. Denbora tarte horretan, baina, GSR enpresak esku hartu ez duela ikusita, bihar eta etzi, martitzenean eta eguaztenean, hiruna orduko lanuzteak egingo dituzte. Hilaren 27an, goizez, 11:20etatik 14:20etara; eta hilaren 28an, arrastiz, 18:30etik 21:30era.

LAB sindikatutik azaldu dutenez, alde batetik, gerokultoreak edo geriatria-laguntzaileak paziente diabetikoei intsulina emateko ardura ezarri gura du enpresak, "eta horrek, langile horien funtzioetatik erabat kanpo egoteaz gain, egoiliarren osasuna arriskuan jartzen du, ez gerokultoreek ez erizaintzako laguntzaileek ez baitute horretarako prestakuntzarik". Bestalde, langileenganako eta egoiliarrenganako "tratu txartzat jo daitezkeen egoerak" egunero gertatzen direla salatu dute sindikatuak eta langileek, "izan ere, oraindik ere, gutxi gorabehera zazpi minutu ditugu egoiliar bakoitza oheratzeko".

Horrez gainera, grebarako eskubidea aldarrikatu dute beharginek. Izan ere, sindikatuak azaldu duenaren arabera, eskubide hori behin baino gehiagotan urratu izan zaie mehatxuen, derrigortzeen eta askotariko oztopoen bidez. "Hori gutxi balitz, GSRk grebetan parte hartu duten grebalari batzuei kontratua ez die luzatu edo alde batera uztea erabaki du, eta ohartarazpen eta salaketa espediente ez oso gardenak ezta sinesgarriak ireki dizkie lanuzteekin bat egiten zuten langile batzuei. Bitartean, horiei egozten zaizkienak baino hutsegite larriagoak jasan behar izaten dituzte langileek".

Halaber, enpresako zuzendaritzak hainbat langileri jakinarazi ei die taldea berritzeko asmoa, "GSRk langile otzanak nahi baititu". Bada, une hori iritsi arte, egoiliarren eta langileen eskubideen alde borrokatuko dutela iragarri du LABek, eta, hala, besteak beste, egunotarako mobilizazioak iragarri dituzte: "Onartezina da gizartearen alde zaurgarrienak egunero horrelako tratua jasatea, publikoa izan beharko lukeen zaintza sistemak etekin ekonomikoak egoiliarren zein langileen aurretik jartzen dituelako".

Horren guztiaren aurrean, LABek "zaintza eredu duin baten alde" borrokatzen jarraituko duela iragarri du, bai egoiliarrentzat, baita langileentzat ere. "Eredu horretan langileen eta egoiliarren duintasuna arlo ekonomikoaren gainetik kokatuko da, nahiz eta GSRrekin oso urrun gauden helburu horietatik, Pertsonarengan Oinarritutako Arretarekin ahoa betetzen zaien arren. Edonola ere, benetan betetzen dutena haien poltsikoak dira, eta ez, hain zuzen, aldarrikatzen dituzten baloreekin", deitoratu dute sindikatuko kideek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun