Urdulizko Ospitaleak bere zerbitzu eskaintza zabaldu du eta bi unitate berri zabaldu ditu: Minaren Unitate Terapeutikoa (MUT), Bizkortze eta Anestesia zerbitzukoa, eta Etxez Etxeko Ospitalizazioa (EEO).
Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea 2016an inauguratu zen eta geroztik hazkunde progresiboan aurrera doala azpimarratu dute Osakidetzako eta Osasun Saileko arduradunek. Hain zuzen ere, arreta espezializatua Lehen Arretagaz koordinatuz eta zonaldeari eta Uribeko ESIa dagokien herritarrei osasun zerbitzuak eskaintzen dituen zentroa da.
Osakidetzak eta Osasun Sailak 403.514 euro inbertitu dituzte Minaren Unitate Terapeutikoan; Etxez Etxeko ospitalizazioan, berriz, 210.808,44 euro; hau da, bi unitate berrietan inbertitutakoa 600.000 euro baino gehiagokoa dela nabarmendu dute.
Alde batetik, Minaren Unitate Terapeutikoak intentsitate ertaineko edo larriko mina pairatzen duten gaixoei tratamendua emateko balio du. Horietako batzuk Urdulizko Ospitalean ingresatuta dauden pertsonak dira, beste batzuk, ordea, kanpo kontsultetako espezialitate ezberdinetatik etorritakoak dira. Kasu horretan, ohiko analgesikoen tratamenduen bidez mina etetea lortzen ez duten gaixoak dira. Horretarako, oso teknologia berritzaile eta erresolutiboa erabiltzen dute, pertsonaren ezaugarri eta patologia zehatzari egokituta.
Gainera, Traumatologia eta Ortopedia eta Errehabilitazio eta Fisioterapia zerbitzuakaz elkarlana ezinbestekoa dela adierazi dute, profesional horiek eskaintzen dituzten tratamenduek analgesia maila optimoa izan dezaten, artatzen dituzten pertsonen osasunaren hobekuntza bermatuz.
Beste aldetik, etxez etxeko ospitalizazioak askotariko gaixoak artatzen ditu: patologia akutuak eta
kronikoak, egoera leungarrian daudenak, gaixo onkologikoak, transplante bat jaso duten pertsonak, etab. Etxez Etxeko ospitalizazioa diziplina anitzeko arretan zentratuta dago, pertsona erdigunean jartzen du eta familiak eta zaintzaileekiko harremanean oinarrituta dago.
Halaber, arduradun publikoek nabarmendu gura izan dute unitate biak diziplina anitzeko langilez osatuta daudela eta herritarrei eskaintzen dieten arreta erizain eta medikuen arteko elkarlanaren emaitza dela.