"Loti ederrak" ipuin klasikoaren antzerkirako egokitzapena taularatuko dute abenduaren 23an Urdulizen

Nahia Martinez Gondra 2023ko abe. 19a, 14:21

Haur zein nerabeen sare sozialen menpekotasuna edota esklabotza islatuko dute antzezlanean.

Loti ederrak ipuin klasikoa oholtzara eramateko obra originalaren alderdi sexistak eta tradizionalistak ezabatu dituzte. Hala, ipuina gaur eguneko gai gatazkatsuenetako batez jarduteko baliatuko dute: haur zein nerabeen sare sozialen menpekotasuna edota esklabotza. Era berean, inposatu zaizkigun edertasun-estereotipoakaz haustea dute xede. Obra abenduaren 23an izango da, Urdulizko Kultur Etxean, goizeko 12:30ean. Sarrerak 6,15 euro balio ditu, euskaraz izango da eta 3-12 urte bitarteko umeentzako eta familia guztiarentzako aproposa da.

Ikuskizun honegaz, ipuinari buelta eman eta kontatutako guztia buruz behera jarri gura dute sortzaileek. Loti ederrak maitagarrien ipuin baten bertsioa da, zer eta haurrek bertsio izateari utz diezaioten, nola egiazkoak eta benetakoak izan daitezen. Maitagarriak izateari uzteko, benetako pertsonak izateko, argazkien filtroen eta sare sozialen mende egoteari utzi behar zaio. Horrela, norberak bere barreneko edertasuna aurkituko du, benetakotasuna eta inguruarekiko errealitatea.

Hala, antzezlaneko protagonistak nerabe talde bat eta haiek imitatzen dituen neskatoa izango dira. Denek sare sozialetan arrakasta lortu nahiko dute, eta nagusiak imitatzen dituen neskatoak ere, bide berdinari heldu eta sareen tranpan eroriko da. Behin edertasunaren sare sozial ilunetan atrapatuta geratuko da gure ume protagonista. Ondorioz, aplikazio baten bidez ipuinen mundura jauzi egingo du. Maitagarri on eta gaiztoen antzerkia da, alegiazko printze eta gazteluen istorioa. Barrenerako bidaia honetan ipuinak alde batera utzi eta benetako errealitatea ikustea lortuko du umeak. Izan ere, "politagoak, ederrenak gara inor begira ez daukagunean".

Protagonista, Goizeder, oholtzan Loti Ederrak ipuin klasikoko neskatoa izango da. Eszenaz eszena alegiazko ipuin klasikoa eta gaur eguneko momentuak tartekatuko dira. Fabula bera komedia eta parodia izango da. Hala ere, ez dute ipuineko biderik tradizionalena jarraituko: "Hautsiko dugu inposatutako printzea, gaztelua eta printzesak, haiengandik askatuko ditugu gaur eguneko haurrak".

Horretarako, eszenaratze dinamikoa proposatzen dute sortzaileek. "Ohi bezala, musikarekin, abestiekin eta dantzarekin osatuko dugu hari narratibo nagusia. Baina, gainera, eszenatokian pantaila bertikal desberdinekin, gobernatzen eta esklabo bihurtzen gaituzten telefono mugikorren pantailak irudikatuko ditugu". Hala, pantailak ere ispilu izango dira, "ispiluetan elkarri begiratzen eta onartzen ikasi behar dugulako, gutako bakoitza bakarra, desberdina eta paregabea dela ikusi, ikasi eta onartu". 

Sarrerak salgai

Totemean (Txartel bidezko ordainketa):

  • Astelehenetik barikura, 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara.
  • Zapatuetan, 09:30etik 14:00etara eta 17:00etatik aurrera.

Webgunearen bidez: urduliz.sacatuentrada.es​

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun