Juan Bautista Artaza Iraolaga zuen izena, eta Urdulizko Ansone baserrian etorri zen mundura (hortik Ansonekoa deiturarena) 1812ko maiatzaren 22ko goizaldean, Altzoko Handia baino 6 urte lehenago, hain zuzen ere.
Hamabost urte zuenerako gorputz itzela zeukan; bai eta harrigarrizko indarra ere! Gaztetatik burutu zituen egitandiak laster hedatu ziren inguru zabalean.
Esaterako, behin Urdulizko errotari batek 20 kintaleko upa bat lekualdatu behar izan zuen. Hainbat auzokoren artean ere ez ziren gauza izan upa mugitzeko; ezta zentimetro bat bera ere! Baten bati Ansonekoari deitzea otu zitzaion. Gure morroskoa burdinazko barra bi hartuta agertu zen, eta erraztasun handiz errotariak adierazi zion tokira eraman zuen upela berak bakarrik.
Horra beste jazoera bat. Antzekuazpi estratan bide paralelo bi zeuden, bata galtzada eta bestea gurdibidea. Gurdibidea estua zen, eta gurdiek banan-banan igaro beharra zuten. Estratan aurrenik sartzen zen itzainak zuen lehentasuna gurdibidetik igarotzeko, atzetik zetozenek sarreran itxaroten zuten bitartean. Egun batean, Ansonekoa lehenik heldu zen estrataren hasierara gurdi bete egurrarekin. Abiatu zen, ba, gurdibidean aurrera. Laster beste orgari batzuk ailegatu ziren eta, Ansonekoari adarra jotze aldera, pasatzen utzi behar ziela esan zioten urduliztarrari. Orduan, Ansonekoak, patxada handiz, bere gurdiari atzeko aldetik heldu eta airean altxatuta, alboko galtzadara baztertu zuen, gurdibidea libre utzita. Beste orgazainak zurtz eginda lotu ziren; are gehiago ikusi zutenean eurak igarota ostean Ansonekoak berriro ekarri zuela bere gurdia gurdibidera, indar eta abilezia handiz eta artea galdu barik. Azkenean, Ansonekoa zoriondu beste erremediorik ez zuten izan, balentria hura ikusita! Urdulizko indartsua, berriz, bere lurrezko pipa isiotu, eta aurrera joan zen bidean, zupada eta zupada artean, pozezko zantzoak eginez.
Ansonekoaren egitada pare bat baino ez dugu kontatzen izan hemen, espazio faltagatik. Gehiago eta hobeak ditugu hurrengo aleetarako. Halandaze, ez galdu oraindinokarren pantaila handira (harrigarriro) salto egin ez duen euskal super-heroi honen hurrengo atala
Berba azoka
- Bat edo bat
- Inor, norbait, baten bat.
- Egitandi
- Balentria, ekintza gogoangarria.
- Errotari
- Errota baten ardura duen pertsona, edo errotan lan eginik bizibidea ateratzen duena.
- Kintal
- Pisu neurria, gaur egun ehun kilogramoren baliokidea.
- Upa
- Upela.
- Estrata
- Bide meharra.
- Galtzada
- Harbidea, harrizko bidea.
- Gurdibide
- Gurdiak ibiltzen diren bidea.
- Itzain
- Hemen, gurdiak gidatzen dituen pertsona, orgaria, orgazaina.
- Zurtz egin
- harritu, zur eta lur geratu, harri eta belarri gelditu.
- Arte
- Hemen, sosegua, patxada, eroapena.
- Zantzo
- Irrintzia, lekaioa, oihua, zinka, ihuria.
- Kontatzen izan
- Kontatu, kontatu izan (gure eskualdeko aditz joko berezia).