2023ko irailean jakinarazi zien Stellantis multinazionalak Mecaner ixteko erabakia eta, orain, martxoaren hasieran hasiko den kontsultaldiaren zain daude langileak. Ordutik, hilabeteotan, beharginek hainbat mobilizazio egin dituzte ixtearen kontra eta, gainera, txosten-tekniko bat egin dute sektorean aditua den Martin Lallana ikerlariagaz eta trantsizio ekologiko eta sozialeko planak egiten dituen Garua kooperatibagaz.
Sindikatuek azaldu dutenez, planaren helburua da, enpresaren itxieraren aurrean, lantegiaren oraina eta etorkizuna bermatuko duen prozesu bat egitea. Prozesu hori aurrera eramateko, baina, langileen konpromisoaz gain, Stellantisen jarrera aldaketa bat eta Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa beharko dela iragarri dute.
Aurkeztutako planak, sektorearen eta enpresaren analisia egin du, eta dagoen jakintzagaz eta instalazio eta makinariagaz ekoitzi ahalko liratekeen produktuen katalogo bat osatu dute, automobilgintzaren merkatuan eta hortik kanpo trantsizio justuaren logikan egon ahal diren aukerak mahai gainean jartzeko.
Itxiera gaitzetsi du Urdulizko Udalbatzak
Urdulizko Udalbatzak bere kezka agertu du Mecaner lantegia itxi eta bertako 148 beharginak kaleratzeko enplegu-erregulazio espedienteagatik. Horren aurrean, Udalak publikoki bere elkartasuna eta babesa helarazi die langileei eta, ahal den neurrian, beharrezko laguntza emango diela iragarri du, "Udalak berak dituen baliabideekin, lanpostu horiek defendatzeko".
Itziar Iratzagorria alkateak adierazi duenez, "Mecaner erreferentea izan da, eta da, eskualdean, eta pisu espezifiko handia du Urdulizko eta inguruko udalerrietako enpleguan; beraz, lanpostu horiek mantentzeko eta etorkizuna izango duen industria bat defendatzeko gure konpromisoa argia da".
Testuinguru horretan, enpresa-batzordeagaz bilera bat egiteko eta elkarrizketa bati hasiera emateko eskatu dio Udalak Stellantis Taldeko zuzendaritzari, hartutako erabakia atzera botatzeko eta, ondorioz, industria-plan bat egiteko, enplegua eta lantegiaren etorkizuna bermatze aldera. Halaber, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta gainerako erakundeak inplikatzea garrantzitsua dela adierazi du, Mecaner enpresak Urdulizen jarraitu ahal izateko modu aktiboan irtenbide bat bila dezaten.
Azkenik, Udalak konpromisoa hartu du egun Mecanerren enpresa kokatuta dagoen lursaila lurzoru industrial gisa mantentzeko, "espekulazioari biderik ez ematea eta inguruko industria-etorkizuna ziurtatzearren".
Mecaner enpresaren historia
Mecaner 1961ean sortu zen, eta, geroztik, ibilbide luzea izan du. 2021ean, Mecaner Stellantis taldean sartu zen, FCA talde italiar-estatubatuarra eta PSA talde frantziarra batu ondoren. Talde horretakoak dira, baita ere, Peugeot, Citroën, DS eta Opel bezalako markak. Orduz geroztik, Mecaner matrizeak fabrikatzen hasi zen taldeko markentzat bakarrik. Stellantisek Urdulizko enpresaren ardura hartu zuenetik, lantegiaren lan-karga murriztea besterik ez du egin, 14 marka baino gehiago izan arren. Lanik gabeko tarte luzeak sortu ditu, eskariak Txina bezalako herrialdeetara bidaliz. "Eta hori guztia 2022. urtea 179.600 milioi eurorekin eta hazkunde historikoarekin itxita, 16.779 milioi euro garbiko mozkinekin; hots, 2021ean baino % 26 gehiago", udal-iturriek jakinarazi dutenez.