Sindikatuek salatu dutenez, "zerbitzu publiko baten pribatizazioaren aurrean gaude, eta horrek diru publikotik milioika euro esku pribatuetara bideratzea eta Osakidetzako lanpostuak suntsitzea ekarriko du". Zehaztu dutenez, iaz, Iurretako EITBko egoitza zaharrean azpikontratatutako plataforma logistiko bat eraikitzeko asmoa azaldu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta horrek titulartasun publikokoak diren Osakidetzako biltegietan egiten den jardueraren zati handi bat bereganatuko omen du.
Ohartarazi dutenez, gaur-gaurkoz Osakidetzako biltegietan 180 pertsonak egiten dute lan, baina erabaki horregaz bere etorkizuna "airean geratzen da". Gainera, gogoratu dute 2023an Osasun Sailak 269 milioi euro erabili zituela pribatizatuta dituen zerbitzuak ordaintzeko, "aurrekoan baino % 9 gehiago".
"Argi dago Osakidetzak bizi duen egoera larria ikusita, kopuru horiek zuzenean inbertitzeak funtsezko hobekuntza ekarriko lukeela bai plantillaren lan-baldintzetan, bai herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatean ere", adierazi dute sindikatuetako bozeramaileek.