Akordiorik gabe amaitu da enplegu-erregulazio espedientearen kontsulta-aldia Mecanerren

Iker Rincon Moreno 2024ko api. 26a, 14:35

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, enpresaren eta sindikatuen arteko akordiorik gabe amaitu da Urdulizko Mecaner lantegiko 144 langileak kaleratzeko enplegu-erregulazioko espedientearen (EEE) kontsulta-aldia. “Multinazionalaren ezezkoaren eta Eusko Jaurlaritzaren gelditasunaren” ondorio izan dela deitoratu du.

Sindikatuak ohar batean adierazi duenez, Stellantis automobilgintzako multinazionalak ezarritako EEEa ez dago justifikatuta, eta Eusko Jaurlaritzari leporatu dio "deslokalizazioak galaraziko dituen eta trantsizio ekosozialaren erronkei helduko dien industria-politikarik ez izatea".

LABek deitoratu egin du multinazionalak ekoizpena deslokalizatzea erabaki izana, kostuak merkatzeko, “alfonbra gorria jartzen dion eta deslokalizazio hori ahalbidetzen duen legedi baten eskutik, multinazionala diru publikoz ureztatzen duen bitartean".

Sindikatuak salatu du, gainera, Eusko Jaurlaritzak ez duela bere erantzukizuna bere gain hartu: “Ez du itxiera saihesteko atzamar bakar bat ere mugitu, horretarako eskumenak izan arren".

Egoera horren aurrean, LABek uste du bere esku dagoen guztia defendatu eta egin behar duela, “Mecaner eta eskualdeko langileen eskubideak eta bizi-baldintzak bermatzeko”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun