"Plast & Co" familia antzerkia Urdulizen egongo da, ingurumenaz eta plastikoen erabileraz kontzientziatzeko

Erredakzioa 2024ko urr. 1a, 14:05

Antzezlana urriaren 4an izango da, barikuan, 18:30ean. © TTIPIA

Urriaren 4an, barikuan, 18:30ean, Urdulizko kultur etxean aurkeztuko dute antzezlana, doako sarrerarakaz. Horretan, planeta babestearen garrantziaz ardura hartzea eta plastikoen erabilera nola murriztu daitekeen azaltzea dute helburu.

Barikuan, 18:30ean, Plast & Co antzezlana izango da Urdulizko Kultur Etxean. Doako sarrera izango duen ikuskizun horretan, planeta zaintzearen balioak, plastikoaren gehiegizko erabileraren arazoak eta plastikoaren erabilera murrizteko moduak transmitituko dira.

Familia antzerkia Mikroplastikoei UKo kanpainaren barruan kokatzen da; Uribe Kostako Mankomunitateak sustatutako ingurumen sentsibilizazio- eta hezkuntza-kanpaina, hain zuzen ere. Kanpainaren helburua gizakiok naturan sortzen ditugun inpaktuei buruzko ezagutza eta kontzientzia handiagoa sortzea da, ingurune naturaleko plastikoak eta itsasoetako mikroplastikoak bereziki azpimarratuz.

Antzezlana 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzat dago bereziki gomendatua. Emanaldia euskaraz izango da eta 50-55 minutu inguruko iraupena izango du. Aukera paregabea izango da familian obra dibertigarri eta hezigarri batez gozatzeko, ingurumenaren zaintzari buruz hausnartzera gonbidatzen baitu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun