Itziar Iratzagorria alkateak adierazi duenez, nahiz eta emakume baserritarrek historian zehar familiei eta gizarteari egindako ekarpena esanguratsua izan, ez zaie behar bezala aitortzen nekazaritza-sektorean egindako lana. Bere ama ere bendejera izan zela dio, eta, Lindo astoagaz batera, etxeko behien esnea eta pikuak Algorta osoan zehar saltzen zituela. Horregatik, Udalak azpimarratu du merezi duten protagonismoa emanez ospatu behar dela egun hau, "emakumeen izena duten kale bat eta bi plaza inauguratuz".
Lehenengo plazak Eusebia Felisa Azkobereta izango du izena. Urdulizko bizilaguna da eta Errepublikaren garaian herriko Eskola Nazionaletan irakasle aritu zena. Gerra Zibila iritsi zenean oporretan zegoen Nafarroan, eta 1936-1937 ikasturterako berriro lan egin gura zuela erabaki eta itzultzeko eskatu zuenean, Bizkaiko Irakasleen Araztegi-Batzordeak ukatu egin zion baimena.
Inaguratuko den bigarren plazak Bendejerak izena du. Bendejerak euskarazko berba da, eta azoketan edo kaleetan nekazaritza-produktuak saltzen dituzten emakumeei egiten die erreferentzia. Sonia Sanchez Rincon, lehenengo alkateordearen esanetan, termino horrek euskal kulturan errotutako tradizioa islatzen du. Hain zuzen, emakumeek berebiziko garrantzia izan dute tokiko ekonomian, merkatuetan produktu freskoak eta artisautzakoak saltzen; hala ere, ez ziren soilik salmentan aritzen, laborantza-lanak ere egiten baitzituzten, etxeko lanez gain. XIX. mendearen amaieran, trenbidea inguru honetara iritsi zenean, etapa berri bat ireki zen, zeren eta animaliek tiratutako gurdi tradizionalek baino irteera azkarragoa eta eraginkorragoa eskaini zuen. Iraultza hori hirietako merkatuetan nekazaritzako produktuen eskaria goraka zihoan unean iritsi zen gure herrira. Horregatik, XX. mendearen hasieran, Urduliz ia erabat nekazaritza- lanetan ziharduen udalerri bihurtu zen.
Inauguratuko den kalearen izena Maria Luisa Leivar Olano da. Gerra Zibilak Tolosan, bere jaioterrian, harrapatu zuen Maria Luisa. Bere zerbitzuak eskaintzeko itzuli gura izan zuen eta auzoko maistren eskalafoian berriz onartu zuten. Hala ere, bere jokabide politiko eta erlijiosoari buruzko txostenak agertu ziren, Eusebia Felisa Azkoberetagaz gertatu zen bezala.