Udalerrian bizi-kalitatea hobetzeko Udalak dituen konpromisoen ildotik, kalitate handiko zerbitzuak eskaini gura ditu, eta, halaber, laguntza eskaini gura die ahultasun-egoeran dauden pertsonei. Aurrekontuotan honako hauek bermatuko dituzten ekintzak sartu dituzte:
- Gizarte-politikak babestea eta garatzea.
- Hezkuntza, euskara eta kultura arloak bultzatzea.
- Herritarren parte-hartzea eta gardentasuna sustatzea.
- Herrian jasangarritasuna eta mugikortasuna sustatzea.
Diru-sarreren atalean, daturik garrantzitsuena zabor-tasaren igoera izango da. Izan ere, Europako Batasunak arlo horretako hainbat jarraibide eman ditu 2018/851 Zuzentarauaren bidez —eta, horregaz bat, Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta
lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ere—, eta nahitaez egokitu behar da jarraibide horietara. Aipatutako legearen arabera, udalek, aurrerantzean, ezingo dute funts orokorretara jo hondakinak bildu eta kudeatzeko gastuak ordaintzeko.
Horrek esan gura du tasa doitu egin beharko dela zerbitzuaren benetako kostua islatzeko. Gastuei dagokienez, aurrekontuak barne hartzen ditu Partaidetzako Aurrekontuetan hautatutako partidak ere, 50.000 euro guztira.