Urdulizko HAPOa hastear dago

Nahia Martinez Gondra 2025ko urt. 31a, 14:36

2000. urteko arau subsidiarioa du Urdulizek.

Udalak 2025ean Urdulizko hirigintza-plan berria egiteari ekin dio. HAPO (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) izango da udalerri osoaren antolamendu integralerako oinarrizko tresna nagusia, hau da, Urduliz osoko lurzoruaren eta eraikinen erabilerak antolatzen dituena, bai publikoak, bai pribatuak. Lehenengo informazio-hitzaldia eta partaidetza-tailerra otsailaren 5ean izango da, 18:30ean, Urdulizko kultur etxean. Gainera, otsailaren 1etik 28ra modu digitalean parte har daiteke webgunean.

Urdulizek gaur egun ez du HAPOrik, 2000.urteko arau subsidiarioa baizik. "Urdulizen beharrak aldatu egin dira 25 urte hauetan eta, horregatik, garrantzitsua da plan orokor berri hau idaztea, Urdulizek gaur egungo beharretara egokitutako hirigintza-plan bat izan dezan, adibidez, etxebizitzari, eremu publikoari, mugikortasunari eta beste hainbat konturi dagokienez", adierazi du Udalak.

Hala, azaldu du hirigintza-plan orokorra egitea, behin betiko onartu arte, prozesu luzea dela, hainbat urte eta fase dituena. "Herritarren parte-hartzea garrantzitsua da plana idazten den bitartean, eta bereziki garrantzitsua da hasieran, informazio-fasean, aurrerapenean eta hasierako onarpenean. Horrela, ahalik eta pertsona gehienen parte-hartzea eta dibertsitatea sustatzeko eta HAPO berriak Urdulizko bizilagunen beharrei erantzun diezaien, hainbat ekintza burutuko dira, hala nola hitzaldi informatiboak, parte hartzeko saioak, partaidetza digitala, etab".

Hala, Udaletik jakinaraziko dute hurrengo hilabeteetan nola eta noiz parte hartu jakinaraziko dutela.Informazio guztia: webgunean egongo da eskuragarri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun