ELAk ohar baten bidez jakinarazi zuenez, epaileak auto bat eman zuen, eta bertan zehazten zen sindikatuaren eskaera onartzen zela "in audita parte", hau da, Osakidetzari –eta zehazki, OSI Uriberi– bilera egiteko baliabideak ukatzeko erabakia eteteko agindua eman zitzaion. Horrela, ELAk eguazten honetan, 14:00etatik 16:00etara, Uribe ESIko langile guztientzat Urdulizko Ospitaleko ekitaldi-aretoan deitutako batzarra egin zuen.
Sindikatuak astelehenean aurkeztu zuen demanda Osakidetzaren aurka, "askatasun sindikalerako eskubidea urratzea" leporatuta, Urdulizko Ospitalean batzar informatiboa egiteko baimena ukatu izanagatik. Martxoaren 19rako aurreikusita zegoen batzarra egiteko aukera bermatzeko, ELAk kautelazko neurriak eskatu zituen langileen informazio-eskubidea babesteko.
ELAren arabera, batzarraren helburua langileei familia eta lana uztartzeko eskubideei buruzko informazioa ematea zen, lizentzia eta baimenagaz lotutako arazo ugari daudelako. Sindikatuak salatu duenez, azkenaldian zuzendaritzak "sistematikoki eta justifikaziorik gabe" ukatzen ditu lanaldi-murrizketak edo senideei laguntzeko baimenak. Epaitegiaren ebazpena positiboki baloratu du sindikatuak, eta Osakidetzari eta Uribe ESIko zuzendaritzari jakinarazi die "eskura dituen mekanismo guztiak" erabiliko dituela langileen eskubideak defendatzeko.