Parisen 2013an sortu zen 42 proiektua, eta 2021ean heldu zen Urdulizera, Telefonica Fundazioko eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. 42 Urduliz Bizkaia mota honetako Estatuko bigarren zentroa izan zen, eta gaur egun 300 ikasle aktibo inguru ditu bere metodologia berritzailean programazioa ikasten ari direnak. Zentroko zuzendari Estibaliz Leonek laburbildu duenez, "gure metodologia autoikaskuntzan eta elkarlanean oinarritzen da, edonork parte har dezake horretan, aurretiko ezagutzarik izan gabe; baldintza bakarrak 18 urte eta ikasteko gogoak izatea dira".
Hezkuntza tradizionalaren aldean, Leonek azaldu du 42 Urduliz Bizkaian ez daukatela irakaslerik ezta aurrezarritako curriculuma betetzeko beharrik ere: "Maila guztietako ikasleek elkarri irakasten diote, proiektuak batera garatzen dituzte eta gamifikatutako puntuazio-sistema baten bidez ebaluatzen dira beraien artean". Horrela, autoikaskuntza sustatu gura dutela azpimarratu du zuzendariak; izan ere, bere hitzetan, teknologiaren eta programazioaren munduak hori eskatzen du gaur egun: "Mundu teknologikoa etengabe ari da aldatzen, eta guk hezkuntza-sistema klasikotik aldenduta gura dugu, lan-munduko beharrei erantzuteko".
Zentroa doakoa izan arren, bertan ikasi gura dutenek "Piscina" izeneko sarbide-prozesua egin behar dute. 26 eguneko erronka zorrotz horretan ikasleak zentroko metodologian murgiltzen dira eta proiektu bat garatu behar dute; Leonen arabera, % 50 inguruk bakarrik lortzen dute hori gainditzea.
"Beti esaten dugu programazio campus bat baino askoz gehiago garela, metodologia prestatuta dagoelako edozein lanbidetan eskatu ditzaketen eskumen digitalak garatzeko, eta, horretarako, talde-lana, lidergoa eta arazoak ebazteko gaitasuna dira"
Behin barruan, ikasleek oinarrizkoa jakintzak jasotzen dituzte, hala nola C eta C++ programazio-hizkuntzak. Behin horiek barneratuta, zortzi espezialitateren artean aukeratu dezakete konplexutasunean gora doazen 21 mailatan banatuta: zibersegurtasuna, adimen artifiziala, marketin digitala, mugikorrentzako aplikazioak... "Espezialitate aniztasun honek aukera ugari eskaintzen dizkie ikasleei, eta bat baino gehiago bateratu dezakete, ezinbesteko ezaugarria gaur egun", nabarmendu du zuzendariak.
42 Urduliz Bizkaiatik 600 ikasle baino gehiago pasatu dira lau urteotan, eta aipatutako metodologiari esker, ikasleen lan-munduratzea ia % 100ekoa dela ziurtatu du Leonek: "Hemendik ateratzen diren ikasleek lan-aukera asko dituzte, gero eta profil teknologikoko langile gehiago bilatzen baitira". hainbat enpresagaz batera, IBM, Google edo Amazon bezalako multinazionalek ere hartu-emanak dituzte zentroagaz.