Urdulizko kanpaldia: herria egiteko bidea

Nahia Martinez Gondra 2025ko eka. 11a, 15:46

2024ko irudia, mendian gora joan aurretik.

Urtero legez, ekainaren 21ean, familientzako akanpada berezia egingo dute Urdulizen. Hala, euren etxeen ondoan duten naturagaz konektatzeko aukera ezin hobea aprobetxatu eta gaua Santa Mariñen pasatuko dute herritarrek. Irteera Antsonekoa plazatik izango da, 17:30etik aurrera. Antolakuntzaren parte den Iñigok, gurasoetako batek, azaldu duenez, xede nagusia da "umeek mendian gozatzea". Izena emateko epea irekita dago ekainaren 13ra arte.

Antolatzaileek azaldu bezala, kanpaldia era informalean hasi zen 2016an, Urdulizko Manex eta Jason gurasoak elkartu eta umeakaz giro familiarrean gaua mendira pasatzera joan zirenean. "Lehenengo urtean jende nahiko joan zen eta oso pozik gelditu ziren herritarrak. Pandemiagaz bi urte egon zan egin barik eta hor geratu zan gauza nahiko lotute. Orduan, beste 5-10 guraso elkartu ginen apur bat testigua hartuz". Hala, aurten, Ainarak, Jonek, Ikerrek, Virginiak, Nahikarik eta Iñigok hartu dute ardura.

Santa Mariñe herritik 20 minututara oinez dago, beraz, berehala mendira heltzen dira. Igoera egiteko material eta motxila guztiak kamioi batean kargatzen dituzte. Bertara ailegatzean, kanpin dendak muntatu eta hainbat ekintza egiten dituzte lagun-artean, baita umeei zuzendutako jokoak ere. 

Kanpaldian 200 lagunen muga zehaztu dute, izan ere, zaila da hainbeste pertsona mendian dinamizatzea, tartean umeak ere daudela kontuan hartuta. Hala, hilabete bat lehenago hasten dira dena prestatzen: kartela, segurua, bazkaria, zer joko egin... "Honako ekitaldietan ikusten da familiakook boluntario gisa hartzen dugun arduragaz oso eskuzabalak garela. Beti prest edozein gauza laguntzeko, batzeko eta egiteko. Horregaz komunitatea eta herria egiten da", baieztatu du Iñigok.

Hala, ekimen hau antolatzearen arrazoi nagusia umeen gozamena dela nabarmendu du: "Haurrek mendia bertan daukagula eta bertan jolastu dezaketela jakitea; kanpin dendan gaua pasatzea, bertako intsektuak ezagutzea... ingurumenagaz erlazioa sendotzen da: familiagaz eta lagunakaz".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun