Osakidetzak anbulatorio berri bat eraikiko du Urdulizen, herriko osasun-arreta indartzeko

Nahia Martinez Gondra 2025ko eka. 17a, 09:45

Obrak datorren urtean hasiko dira. © OSASUN-SAILA

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak hasiera eman diote Uribe Kostako eskualdeko osasun-egitura handitzeari. Osakidetzak anbulatorio berri bat eraikiko du Urdulizen, handiagoa, irisgarriagoa eta herritarren osasun-premiei erantzuteko zerbitzu gehiagogaz, azken 25 urteetan modu esponentzialean hazi direnak. Obrak datorren urtean hasiko dira, eta, gainera, eskualdeko udalerriei zerbitzua ematen dien Uribeko osasun mentaleko zentroko kontsultak bere gain hartuko ditu.

Susana Lopez Altuna Osakidetzako zuzendari nagusiak, Xabier Ibarzabal Ekonomia eta Finantzako zuzendariagaz batera, eraikina eraikitzen hasiko diren tokia bisitatu du gaur, herriko alkateareagaz eta udalbatzako kideakaz batera. Osasun-zentro berria Krutzejada kalearen ondoan dagoen lursail batean egongo da, Sabino Arana plazaren eta Urdulizko haur-eskolaren artean

2.000 metro karratu baino gehiago eta zerbitzu berriak

Eraikin berriak gaur egungo osasun-zentroa ordezkatuko du. Osasun-zentro horrek 1999. urteaz geroztik Aita Gotzon kaleko 20. zenbakian ematen dio zerbitzua udalerriari, baina txikia geratu da denbora horretan ia bikoiztu den eta hazten jarraitzea aurreikusten den biztanleria artatzeko. Hori dela eta, kokapen berriari esker, eraikitako 405 metro koadroetatik 2.150 metro koadroetara igaro ahal izango da, eta orain arte, lekurik ez zegoelako, herritarrei eskaini ezin zitzaizkien zerbitzu berriak sartu ahal izango dira zerbitzu-zorroan.

Hala, osasun-zentro berriak lau solairu izango ditu, Familiako Medikuntzako, Erizaintzako eta Pediatriako kontsultez gain, emakumeei arreta emateko eremu bat, fisioterapia eta Uribeko osasun mentaleko zentroko kontsultak ere barnebilduko dituztenak. Baliabide asistentzial hori Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearen barruan dago, eta erreferentziazko zentroa da, gainera, Urdulizko biztanleentzat, baita Algorta, Berango, Gorliz, Areeta, Leioa, Lemoiz, Plentzia eta Sopelako udalerrientzat ere. Kontsultek eraikin berriaren heren bat hartuko dute.

Aparkalekuak

Azkenik, nabarmentzekoa da eraikuntza-proiektuak aurreikusten duela eraikineko sotoan gutxienez 25 aparkaleku-plaza gaitzea osasun-zentroko langileentzat, lanera errazago joan daitezen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun