Haurtzaroko basoko auzolana egingo dute abuztuaren 31n

Nahia Martinez Gondra 2025ko abu. 26a, 13:53

2025eko maiatzean egindako auzolana.

Abuztuaren 31ean, Urdulizko haurtzaroko basoan auzolana egingo dute, hilerri berritik ospitaleranzko bidean kokatuta. Hala, auzolanerako txandak izango dira 09:30etik 11:30era eta 12:00etatik 14:00etara. Ordu berean, umeentzako tailerren txandak ere izango dira. Tailerrak, betiere, auzolanera doan heldu bati laguntzen dioten adingabeentzat izango dira. Hamaiketakoa, 11:30etik 12:00etara izango da. Izena eman daiteke abuztuaren 28ra arte. 

2022an, baso autoktonoa berreskuratzeko proiektu bat jarri zen abian. Proiektu horren helburu nagusia da Urdulizko umeen eta haien ingurune naturalaren artean kontzientzia eta lotura sortzea. Horretarako, umeentzako tailerrak eta dibulgazio-tailerrak egiten dira aldizka, bertako zuhaitzak (besteak beste: artea, urkia, haritza, gaztainondoa), espezie inbaditzaileak eta horiek ingurune naturalean duten eragina ezagutzeko. Urte horretan bertan, zuhaitz autoktonoak landatzeko lehen jardunaldia egin zen, eta, 2023an, bigarrena.

Orain arte, 1.450 zuhaitz autoktono landatu dira guztira. 2024an, berriz, Gobernu Taldeak erabaki zuen orain arte planteatutako proiektuak aldaketa bat behar zuela, lurzoru asko galdu delako, eta hori da guztiaren oinarria. Lurzorua beharrezkoa da barazkiak, frutak, ganaduarentzako belarra eta abar ekoizteko, eta lurrik gabe ezer ezin da bizi. Lurzorua sortzeko, hautsi egiten dute arroka ama, eta, haren gainean, hondar organikoak metatzen dira, baina hura sortzeko abiadura oso motela da, eta 5 zentimetro inguru metatzen dira mila urtean. 

​Gobernu Taldeak, horregatik, Urdulizko herritar guztiak kontzientziatu nahi ditu tailerren bidez, nola-eta baso batek denboran irautea ahalbidetzen duten faktoreen berri emanez eta baso hori nola zaindu eta landare inbaditzaileetatik nola babestu erakutsiz. Proiektua hasi zenetik, hainbat tailer egin dira: konpostajea, substratu on baten ezaugarriak, landare inbaditzaileen espezieak edo zuhaitz autoktonoek bizirauteko behar dituzten zainketak.

Proiektuaren barruan, gobernu-taldeak auzolana planteatu zuen 2023an. Auzolana da lan komunitarioak egitea, eta horiek lankidetzan gauzatzen dira ingurumeneko lantaldeagaz eta boluntarioakaz. Lan horien bidez umeen basoa lehengoratu nahi da, baso komunitarioa hobetuz: espezie inbaditzaileak kenduz, pistak itxiz, ongarria emanez, etab. Helduek basoan lan egiten duten bitartean, umeei aukera ematen zaie ingurumen-hezkuntzako tailerretan parte hartzeko. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun