Urdulizko tokiko merkataritzari bultzada emateko Hazka eta Irabazi 2025 kanpaina egingo dute

Ander Zarraga 2025ko urr. 31a, 10:12

Urdulizko merkatarien elkarteko eta Udaleko ordezkariek kanpainaren onurak azpimarratu zituzten horren aurkezpenean. © URDULIZKO UDALA

Urdulizko Udala eta Urdulizko Merkatari Elkartea elkarlanean aritu dira Urduliz Hazka eta Irabazi 2025 kanpainaren lehen edizioa martxan jartzeko. Ekimen honek tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sustatzea du helburu, eta 5.000 euro banatuko ditu zuzeneko sarietan, eta 900 euroko azken zozketa berezi bategaz amaituko da.

Kanpaina azaroaren 1etik 26ra bitartean egongo da martxan. Tarte horretan, 25.000 txartel banatuko dituzte udalerriko establezimenduetan erosten dutenen artean. Txartel horiek 10 euroko deskontu zuzena ekar dezakete, erosketetan edo kontsumizioetan trukatzeko.

Gainera, saririk lortu ez dutenek bigarren aukera izango dute 900 euroko balioa izango duen azken zozketan parte hartzeko. Horretarako, txartela behar bezala beteta utzi beharko dute Urdulizko Kultur Etxean egongo den hautetsontzian, azaroaren 28ra arte.

Kanpainari atxikitako denda eta establezimenduak erraz identifikatu ahal izateko, kanpainaren irudi bereizgarria izango dute, eta sarrera alfonbra berde bat ere jarriko zaie. Zerrenda osoa ikusgai dago urdulizdendak.org webgunean, non herritarrek hainbat sektoretako eskaintza zabala aurkituko duten: elikadura, ostalaritza, osasuna, edertasuna, dekorazioa eta abar.

Urdulizko Udaleko eta merkatarien elkarteko arduradunen arabera, Hazka eta Irabazi 2025 kanpainak tokiko ekonomia eta herriko merkataritza-sarea indartzeko konpromiso argia erakusten du. Hori horrela, herritarrak beraien erosketak Urdulizen egitera gonbidatu dituzte, "udalerriko bizitza eta enplegua sustatzeko modu zuzena da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun