Sistemaren berritasuna edukiontzi gris eta marroiei sarraila jartzean datza. Sarraila horiek herriko etxe guztietara bidaliko den txartel berezi bategaz ireki ahal izango dira.
Edukiontzi berriak pixkanaka sartuko dira: edukiontzi marroia (organikoa) abendutik aurrera hasi beharko da txartelagaz irekitzen, eta grisa (ez-birziklagarria), ordea, 2026ko apiriletik aurrera. Sarraila irekitzeko nahikoa da txartela irakurgailura hurbiltzea. Gainera, erraztasun gisa, 2026ko urtarriletik aurrera mugikorreko aplikazio bategaz ere ireki ahal izango dira kontainerrak.
Trantsizioa arinagoa izan dadin, Udalak informazio eta sentsibilizazio kanpaina zabala jarriko du martxan. Ingurumen-hezitzaile taldeak etxebizitza guztietara hurbilduko dira, eta material hauek banatuko dituzte: birziklatzeko gida bat, hondakin organikoak etxean biltzeko kubo bat eta poltsa konpostagarrien biribilki bat. Etxeren batean inor ez egotekotan, materiala Antsonekoa plazako aldi baterako bulegoan jaso ahal izango da.
Bestalde, poltsa konpostagarriak etxean bukatzen direnean, nahi duenak gehiago har ditzake Kultur Etxean egongo den makina batetik, horretarako banatutako txartela erabilita. Bulego hori abenduaren 9tik 22ra egongo da irekita, astelehenetik ostiralera, goizeko zein arrastiko ordutegian.