Urdulizko dibulgazio-ibilbideen seigarren edizioa arrakastaz amaitu da

Beatriz Antona Uribe 2025eko abenduaren 16a

Txiri Txiri proiektua 2021ean abiatu zenetik 19 dibulgazio-ibilbide baino gehiago egin dira Urdulizen. Aurtengo edizioak lau jarduera eskaini ditu, ingurumenarekiko sentsibilizazioa, bizimodu aktiboa eta memoria kolektiboa ardatz hartuta. Seigarren edizio honetan ere, TANTAK erakundeak antolatu du proiektua.

Aurtengo ekintzak apirilaren 6an hasi ziren, “Urduliz, bertako ekosistemaz mintzatuz” izeneko lehen ibilbidearekin. Jarduera horretan, bertako flora eta fauna ezagutu zituzten parte-hartzaileek. Ibilbidea jasangarritasunean aditua den Lide Rodriguezek gidatu zuen.

Bigarren hitzordua maiatzaren 11n izan zen, “Gure ibaietako ur kalitatea aztertuz” izeneko ibilbidegaz. Urdulizetik Butroe gazteluraino joan ziren parte-hartzaileak ibaiaren egoera aztertzeko.

Urriaren 19an burutu zen hirugarren ibilbidea, “Hondakinik gabeko herri baten alde, Urdulizko hiri-garbiketa” lelopean. Lau orduz, parte-hartzaileek udalerria zeharkatu zuten, hiri-hondakinen inguruan kontzientziatzeko eta naturaguneak garbitzeko. Bildutako hondakinak aztertu zituzten, ingurumen inpaktuari eta kutsadura murrizteko aukerei buruz eztabaidatuz.

Txiri Txiri 2025 edizioaren amaiera azaroaren 30ean heldu zen, “Iraganera begira” izeneko azken ibilbidean. Koldo Somokueto historialari urduliztarrak gidatuta, herriko historia eta pasadizo bitxiak ezagutzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek, memoria kolektiboari ahotsa emanez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun