Uribe Kostako Behargintzak enpresa-mintegia eskainiko du Urdulizen, ekintzaileei lehen urratsak ematen laguntzeko

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 12a

Urdulizko udaletxea, artxiboko irudian.

Ekiteko asmoa dutenentzat edo azken urteetan sortutako enpresa bati bultzada eman gura diotenentzat, aukera interesgarria jarri du mahai gainean Uribe Kostako Behargintzak. Erakundeak enpresa-mintegia du martxan Urdulizen, ekintzaileei lanerako espazio egoki eta eskuragarria eskaintzeko helburuagaz.

Mintegia enpresa-proiektu berriak garatzeko pentsatutako gune profesional eta kolaboratiboa da. Bertan, negozio-ideiak lantzeko ez ezik, beste ekintzaile batzuekaz harremanak sortzeko eta esperientziak partekatzeko aukera ere badago, askotan funtsezkoa izaten den sare hori ehuntzeko.

Guztira, sei lantoki itxi daude eskuragarri, erabat hornituak, eta horiez gain, bilera-gela partekatu bat ere badago. Espazioak bi tamainatan banatzen dira: 9–10 metro koadroko bulegoak, hilean 100 euroan daudenak eta 15 metro koadrokoak, hilean 150 euroan.

Prezio horretan barne sartzen dira bilera-gelaren erabilera, garbiketa zerbitzua, ura eta argindarra, ekintzaileei hasierako gastuak kontrolpean izateko lasaitasuna emanez.

Denboran mugatutako lagapena

Lantokiak gehienez bi urterako lagatuko dira, urtez urte berritzeko aukeragaz, lau urtera arte; betiere, itxarote-zerrendan eskaera berririk ez badago. Helburua enpresa-proiektuak lehen fasean laguntzea da, sendotzeko denbora emanez, eta ondoren beren kabuz aurrera egiteko moduan utziz.

Uribe Kostako Behargintzatik azpimarratu dute mintegia ez dela bulego huts bat, baizik eta ekiteko lehen pausoak emateko tresna. Horregatik, interesa dutenek zuzenean jar daitezke harremanetan erakundeko taldeagaz, informazio gehiago jasotzeko edo zalantzak argitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun