
Kultura Sailak bultzatutako ekimen honek herriko taldeei lehentasuna eta ikusgarritasuna eman gura die; izan ere, parte hartzeko ezinbesteko baldintza izango da taldeko kide bat gutxienez Urdulizen erroldatuta egotea. Interesa duten proiektuek Udalaren posta elektronikoaren bidez bideratu beharko dute eskaera, udalakultura@urduliz.eus helbidean, taldekideen datu pertsonalak eta proiektuaren izena zehaztuta. Era berean, antolakuntzako kideek argi utzi dute ez dutela onartuko eduki homofobo, sexista edo arrazistarik duen abestirik, elkarbizitza eta errespetua oinarri dituen ekitaldia bermatu nahi baita.
Otsailaren 8ra arte irekita egongo den izena emateko epea amaitzen denean, antolatzaileek jasotako proposamen guztiak aztertuko dituzte eta otsailaren bigarren hamabostaldian jakinaraziko dute zeintzuk izango diren aurtengo kartelean parte hartuko duten taldeak.
Ordutegiak eta emanaldien ordena izena ematen duten talde kopuruaren arabera zehaztuko dituzte. Udalak konpromisoa hartu du parte-hartzaileakaz harreman zuzena izateko eta koordinazio lanak egiteko, jaialdiaren garapen normala bermatu eta herriko musikariei ahalik eta babes handiena emateko asmoz.