Abuztuko domeka arrasti lasai batean, jendea hondartza-egun luze batetik etxera bueltatzen ari zela, tragedia gertatu zen. 1970eko abuztuaren 9an, 19:15ak inguruan, Plentziatik Bilbora bidean gainezka zihoan tren batek aurrez aurre talka egin zuen Urduliztik hutsik zetorren beste tren bategaz. Sarraskia izugarria izan zen: 33 hildako eta 160 zauritu baino gehiago. Bizkaian izandako tren-istripurik larriena izan zen hura.
Ezbeharra Barrikako tartean gertatu zen, ikuspen gutxiko bihurgune batean. 45 km/h-ko abiadurara zihoazen trenen lehen bagoiak erabat birrinduta geratu ziren, bidaiariak metalezko eta egurrezko armazoien eta kristal hautsien artean harrapatuz. Beste asko airean atera ziren, eta zorte gehien izan zutenek beren kabuz ihes egitea lortu zuten, zorabiatuta eta zaurituta. "Zarata izugarria, oihuak, burdinak alde guztietatik, odola eta nahasmen handia", deskribatu zuen istriputik bizirik atera zen neska batek.
Lehen sorosleak DYAko boluntarioak eta inguruko bizilagunak izan ziren, eta egoerak eragindako kaosa kudeatu behar izan zuten biktimak erreskatatzeko. Egun horretan, suhiltzaileek eta larrialdi-zerbitzuek goizaldera arte egin behar izan zuten lan harrapatuta geratu zirenak askatzeko eta zaurituak ospitaleetara eramateko. Bitartean, Urdulizko tren-geltokia behin-behineko hil-biltegi bihurtu zen, non gorpuak multzokatzen zituzten identifikatuak izateko.
Gerora egin ziren ikerketek giza akats bati egotzi zioten istripua: Urdulizko geltokiko buruak lau egun zeramatzan lanean, laguntzailerik gabe 16 orduko txanda nekagarriak egiten. Horren eraginez, hutsik zihoan trenari Plentziara bidean ateratzeko baimena eman zion, bide bakarra okupatuta zegoela ohartu gabe. Konturatu zenean, energia elektrikoa moztu zuen talka saihesten saiatzeko, baina berandu zen daborduko.
Lan-baldintza txarrak nabarmenak izan arren, erantzukizuna berari bakarrik egotzi eta kartzelan sartu zuten. Tragediaren pisuak markatuta, espetxetik irten eta denbora gutxira hil egin zen, bere senideen arabera, "nahigabearen ondorioz".
Ezbeharrak kaltetutako familietan orbainak uzteaz gain, lan-baldintza hobeak eta segurtasun handiagoa izateko beharrari buruzko lezioak ere utzi zituen. Gaur egun, Metro Bilbaoren trenek egiten dute ibilbide hori, baina, urteakaz garatutako segurtasun-neurriei esker, halako istripu bat berriz gertatzea ia pentsaezina da