Eztanda jaialdiak Urduliz astinduko du ekainean punk-rock doinuen festagaz

Ander Zarraga 2026ko urtarrilaren 22a

Arene 6 izango da Eztanda jaialdiaren kartelburuetako bat.

Cockney Rejects, Anestesia, Arene 6, Akatz, edo Streetwise talde ezagunak igoko dira ekainaren 5ean eta 6an Urdulizko futbol zelai zaharrean egingo den lehendabiziko Eztanda jaialdira. Momentuz, asmo handiz datorren jaialdi honetako antolatzaileek 18 talde berresti dituzte, baina oraindik egitaraua osatzeko dagoela adierazi dute.

Lehen aurkezpen karta honek punk, rock eta hardcore eszenako izen entzutetsuak aurreratu ditu. Zerrendaren buruan Oi! musikaren ikur den Cockney Rejects talde mitikoa ageri da, eta haiekaz batera izango dira, besteak beste, Anestesia, Arene 6, Akatz, Streetwise, Ezta Ilen edota Hell Beer Boys. Kartelak askotariko beste proposamen batzuk ere aurreratu ditu, hala nola Against You, Ilberri, Nevadah, Perlata, Ostikada, Ajou!, M.C.D. (Monjas Carmelitas Descalzas), Odolkiak Ordainetan, The Bad Choice, Killer Zebra eta Moonshakers.

Antolatzaileek "Uribe Kostak inoiz izan den jaialdirik handiena" izango dela azpimarratu dute, eta musika eskaintza zabal honegaz, Urdulizko futbol zelai zaharra eskualdeko kultur agenda astintzeko asmoa iragarri dute. 

Sarrerei dagokienez, adierazi dute laster jarriko dituztela salgai tabernetan, eta hurrengo asteetan jaialdiaren inguruko berrikuntza guztiak eta talde gehigarrien iragarpenak ezagutaraziko dituztela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun