Urdulizek etxebizitzaren prezioei aurre egiteko plana onartu du

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 30a

Urdulizek etxebizitzaren prezioei aurre egiteko plana onartu du.

Urdulizko Udalak Etxebizitzarako Ekintza Plana onartu du, udalerria eremu tentsionatu izendatzeko bidean urrats garrantzitsua emanez.

Helburua alokairuen garestitzea geldiaraztea, etxebizitza eskuragarriagoa egitea eta herritarren etxebizitza-premiei erantzutea da.

Planak alokairua sustatzearen aldeko apustua egiten du, babes publikoko etxebizitza gehiago bultzatuz eta Eusko Jaurlaritzari lurzatiak lagatzeko aukera aztertuz, etxebizitza sozialak eraiki daitezen. Era berean, etxebizitza hutsen egoera aztertzea aurreikusi du Udalak, etorkizunean neurri fiskalak edo kanon bat ezartzeko aukera baloratzeko.

Beste neurri batzuen artean, etxebizitza hutsen gaineko OHZren errekargua handitzea proposatu dute, etxebizitza horiek merkatura ateratzea sustatzeko. Halaber, erabilera turistikoko etxebizitzen jarraipena egingo da, beharrezkoa izanez gero horiek arautzeko neurriak hartu ahal izateko.

Urduliz eremu tentsionatu izendatzekotan, neurri bereziak gutxienez hiru urtez egongo lirateke indarrean, eta horrek aukera emango luke alokairuen igoerak mugatzeko eta prezioen kontrol handiagoa ezartzeko, kontratu berrietan bereziki.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun