Otsailaren 2tik 11ra bitartean, tokiko bederatzi saltokik emakume zientzialarien omenez apaindu dituzte erakusleihoak, zientzia eta teknologiaren arloan egindako ekarpena kalera ateratzeko asmoz.
Ekimenak otsailaren 11ko nazioarteko egunagaz egiten du bat; Nazio Batuen Erakundeak 2016an ezarri zuen data hori, emakumeen eta nesken parte-hartze zientifikoa sustatzeko eta bokazioak pizteko helburuz. Urdulizen, denda bakoitzak zientzialari bat aukeratu du, haren ibilbidea azaltzen duten horma-irudiak jarri, eta ikerketaren edo lan-eremuaren inguruko elementuakaz girotu du erakusleihoa.
Hezkuntza arloa ere lotu dute egitasmora. Urdulizko ikastetxeetako ikasleek ginkana batean parte hartu ahal izango dute: hamabi emakume zientzialariri buruzko galdetegia eskuan, erakusleihoz erakusleiho ibiliko dira pistak bilatzen, haien lana eta ekarpena ezagutzen.
Egitaraua osatzeko, Kultur Etxean Zientzia-emakumeak argira erakusketa zabaldu dute, ekimenerako sortutako irudiakaz. Bertan, zientzia eta teknologiaren esparruan nabarmendu diren 12 emakumeren ilustrazioak bildu dituzte; besteak beste, Jane Goodall, Rebecca Lee Crumpler edo Yásnaya Aguilar Gil zientzialarienak.
Urdulizen parte hartu duten saltokien artean Mauratza Farmazia, Apartelier Store, Maritxuli pintura-estudioa edo Karmele ile-apaindegia daude.