Proiektuaren helburua udal kiroldegia topagune teknologiko eta ludiko bihurtzea da, gazte, familia eta zale digitalentzat prestatutako programazioagaz.
Hiru egunez, kiroldegiko pabilioiak sormen digital eta teknologiaren erakusleiho bilakatuko dira, parte hartzera ez ezik, jendea probatzera eta ikastera ere gonbidatuko duen egitarauagaz.
Ekitaldiak bi eremu nagusi izango ditu. Alde batetik, LAN gunea, non ehun parte-hartzailek ordenagailuak sare azkar batera konektatuta izango dituzten, txapelketetan zein erronketan lehiatzeko. Bestetik, publiko guztiari irekita egongo den Open gunea egongo da. Azken hau doakoa izango da, guztiz, eta errealitate birtualeko esperientziak, kontsola-jokoak, tailerrak, hitzaldiak eta erakusketak eskainiko dira bertan.
Antolatzaileek diotenez, "programazioak lehia eta dibulgazioa uztartu nahi ditu": bideojoko txapelketak, cosplay erakustaldiak, robotika eta adimen artifizialeko tailerrak, kontzertuak eta kultura digitalari lotutako lehiaketak aurreikusi dituzte. Gainera, berezitasun moduan, asteburua komunitate giroan ixteko, tokiko produktuekaz egindako gosari kolektiboak eta sari-banaketa ere egingo dituzte.
Sustatzaileen esanetan, egitasmoak aisialdi osasuntsua eta jakin-min teknologikoa bultzatu gura ditu, eta, aldi berean, herriko merkataritza zein ostalaritza dinamizatu. Aurreikuspenen arabera, LAN guneak 100 parte-hartzaile bilduko ditu, eta Open eremuak, berriz, 500 bisitari.
Antolatzaileen asmoa hitzordua urtero errepikatzea eta eskualdeko erreferente bihurtzea da.