EAJk kritikatu egin du Urduliz eremu tentsionatu izendatzeko EH Bilduren erabakia

Izaro Garcia 2026ko otsailaren 16a

EAJk udal gobernuari erabakia berriz aztertzeko eskatu dio. © EAJ

Urdulizko EAJk ez du begi onez ikusi EH Bildu buru duen udal gobernuak udalerria bizitegi-merkatu tentsionatu izendatzeko prozesua abiatzea, eta neurriak "presazkoa eta ez-eraginkorra" izan daitekeela ohartarazi du.

Alderdi jeltzalearen arabera, etxebizitza-plan integralik gabe hartutako erabakiak arazoa konpondu beharrean larriagotu dezake. 

Jeltzaleek azaldu dutenez, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak badaude Urdulizen, bereziki gazteen eta familien artean, baina izendapena diagnostiko zorrotzik, datu publiko argirik eta herritarrekaz kontrastatutako eztabaidarik gabe egin dela salatu dute. Haien ustez, eskaintza handitzeko planik gabe prezioak mugatzeak ez du merkatuaren arazoa konpontzen.

Zehaztu dutenez, eremu tentsionatu izendatzeak ez du soilik alokairuen prezioei muga jartzea ekarriko, errenten izoztea, kontratuen nahitaezko luzapenak, jabeentzako karga berriak eta OHZaren igoerak ere ekar ditzake. EAJren arabera, jabe askok aurreztaile txikiak eta bertako familiak dira, eta ez lirateke "arazoaren erantzule nagusi" gisa tratatu behar. 

Alderdiak azpimarratu du Urduliz ez dela hiri handia, eta alokairu-eskaintza mugatua duela; horregatik, neurri horiek etxebizitza batzuk merkatutik ateratzea eragin dezaketela uste dute, eskaintza are gehiago murriztuta.

Alternatiba gisa, EAJk etxebizitza-eskaintza handitzea lehenestea proposatu du. Gogorarazi du gaur egun 153 etxebizitza eraikitzeko lurzoruak badaudela Atzeragainen, Artetan eta Torrebarrin, gehienak babes publikokoak, eta Eusko Jaurlaritzagaz lankidetza estuagoa eskatu du etxebizitza eskuragarria sustatzeko. Halaber, Gaztelagun, Gazteaval eta Emantzipa programak indartzearen alde agertu da. 

Jeltzaleen ustez, etxebizitzaren arazoa ez da "keinu politikoekin" konpontzen, plangintzagaz, erakundeen arteko lankidetzagaz eta eskaintza errealaren hazkundeagaz baizik. Horregatik, udal gobernuari erabakia berriz aztertzeko eta eztabaida zabalagoa irekitzeko eskatu diote.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun