Proiektuak 2.175.580 euroko aurrekontua du, eta obrak gauzatzeko gehienezko epea hamabi hilabetekoa izango da.
Jarduketa Goietaraino iritsiko da, hurbileneko espaloia barne. Lanen ardatz nagusia saneamendu-sareko arazoak konpontzea da; hau da, hoditeria zaharra eta hondatua ordezkatuko dute, zerbitzu seguruago eta eraginkorragoa bermatzeko.
Hiri-diseinuari dagokionez, Elexalde kaleko hasierako tarte osoa plataforma bakarrean egokituko dute, galtzada eta espaloiaren arteko desnibela ezabatuta, oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko. Antzeko irtenbidea ezarriko dute Aita Gotzon kalean ere, Goietagaz duen elkargunetik hasi eta autobus geltokiaren parean egingo den oinezkoen pasabide berriraino. Plataforma bakarreko trazadurak Nafarroa kaleko bidegurutzeraino jarraituko du; hortik aurrera, berriro bereiziko dira galtzada eta espaloia.
Gaztelekuaren eta lanen amaierako tartearen artean dauden aparkalekuak ere berrantolatuko dituzte; izan ere, lerroan egotetik diagonalean egotera pasatuko dira, kalearen hasierako zatian bezala.
Bestalde, egungo jolas-gunea kendu eta adinekoentzako ariketa arinak egiteko ekipamendu-gunea jarriko dute. Iturria mantendu egingo da, eta banku zein paperontzi berriak instalatuko dituzte. Argiteria ere berrituko dute, indarreko araudia betetzen duen sistema eraginkorrago eta atseginago bategaz.
Proiektua idazteko orduan, azterlan teknikoak eta herritarrekaz egindako parte-hartze prozesuetako ekarpenak hartu dira kontuan.