Talde jeltzaleak kontra bozkatu zuen azken osoko bilkuran, zerbitzuak gehiago kostatuko duela baina lehen egiten ziren lan batzuk kanpoan geratuko direla iritzita.
Alderdiaren arabera, aurreko kontratuak urtean 249.000 euro inguruko kostua zuen; berriak, ordea, ia 392.000 eurora igoko du urteko gastua. Hala ere, auzoetako garbiketa ez da lizitazio berrian sartu, aurretik udal brigadak lan horiek egiten zituen arren.
EAJk azaldu du azken bi urte eta erdian auzoen mantentze erregularra eskatu duela, baina lan horiek ez direla behar bezala egin. Gainera, auzoetako garbiketarako erabiltzen zen sasi-garbitzeko makina hondatu dela eta lan batzuk erdi eginda geratu direla ere gogorarazi dute.
Egoera horren aurrean, udal gobernuak, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek osatua, auzoen garbiketa aparte lizitatzea proposatu du. Hala ere, prozesua martxora arte ezin dela hasi ohartarazi dute jeltzaleek, eta bitartean mantenmantzentze-lan faltak udalerriko hainbat gunetan arazoak sortzen jarraituko duela diote.
Horregatik, EAJk kreditu gehigarri bat proposatuko duela iragarri du, auzoen garbiketa eta mantentzea berehala bermatzeko. Haien ustez, helburua "Urduliz behar bezala zainduta egotea" izan beharko luke.