Herritarren botoek erabaki dute 2026ko Andra Mari jaien egitura Urdulizen

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 30a

Herritarren botoek erabaki dute 2026ko Andra Mari jaien egitura Urdulizen.

Herritarrei egindako galdeketaren ondoren, jaiak lehen aste-akabuan Abadenen egingo dira, eta bigarrenean, ordea, Udalaren inguruan. Jaiak irailean izango direla jakina da, baina oraingoz ez dira egutegiko data zehatzak argitaratu.

Erabakia herritarren iritzia jasotzeko abiatu zen inkestaren emaitzetan oinarritu da, eta parte-hartze handia izan du prozesuak. Guztira, 625 parte-hartze erregistratu dira, eta horietatik 570 erantzun baliodun izan dira. Gehienek online eman dute iritzia, 441 herritarrek bide telematikoa erabili baitute; beste 129k, ordea, paperean erantzun dute.

Parte-hartzeari dagokionez, emakumeen presentzia handiagoa izan da, 301 emakumek eta 227 gizonek hartu baitute parte. Auzoen arabera, Landa izan da parte-hartzerik handiena izan duen eremua, 377 erantzunakaz; ondoren Elortza, 160 iritziakaz, eta atzetik Mendiondo, Zalbidea eta Dobaran.

Bozketaren emaitzek alde nabarmena utzi dute, eta herritarrek bi aste-akabutan banatutako jai eredua lehenetsi dute: bata Abadenen eta bestea Udalaren inguruan. Beste aukerek babes txikiagoa jaso dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun