Zer da zehazki komunitate energetiko bat, eta zer helburugaz sortu gura duzue Urdulizen?
Maila lokalean energiaren inguruan burujabetza lortzeko tresna bat da komunitate energetikoa, baita hausnarketarako eta mobilizaziorako tresna ere. Entzundakoagatik, gehienetan, instalazio fotovoltaiko baten inguruan sortzen den proiektu bat da, argindar-fakturak merkeago egin ahal dizkigunak, baina, geroxeago, beste energia kontsumoen inguruan ekimen ezberdinak garatzeko (garraio konpartituta, adibidez) balio dezakeena. Momentu honetan inoiz baino ageriagoa da halako ekimenen beharra, eta gure eskualdean pausu hau emateko zenbait herritar prest badaudela ikusi dugu.
"Momentu honetan inoiz baino ageriagoa da halako ekimenen beharra, eta gure eskualdean pausu hau emateko zenbait herritar prest badaudela ikusi dugu"
Proiektuaren oinarrian herritarren parte-hartzea dagoela azpimarratu duzue. Nola parte har dezakete Urdulizko bizilagunek, komertzioek edo elkarteek?
Sei saiotan antolatutako prozesu bat jarri berri dugu martxan. Martxoaren 26an hasi genuen dinamika Urdulizko Gaztelekuan egin genuen lehen saioagaz, eta ekainaren 18ra bitartean hainbat saio egingo ditugu. Interesa dutenentzako zabalik egongo dira eta edonork parte hartu dezake horietan. Espainiako gobernuak indarrean jarritako azken lege-aldaketa kontutan izanda, Barrikako eta Sopelako bizilagun, komertzio eta elkarteak saio hauetara gonbidatu nahiko genituzke, sortuko dugun komunitate energetikoa Urdulizko udalerria baino harago joan ahalko baita da orain.
Energia berriztagarria tokian bertan ekoitzi eta partekatzeko asmoa duzue. Zein teknologia edo instalazio mota aurreikusten dituzue horretarako?
Lehenik eta behin, instalazio fotovoltaikoak ditugu buruan, baina baliteke beste aukera batzuk ere posible izatea. Apirilaren 16an egingo dugun prozesu honen bigarren saioan aukera teknologiko desberdinak landuko ditugu, eta bertan jasoko dugun informazioa eta parte-hartzaileen ekarpenak ezin ditugu aurreikusi; horregatik, garrantzitsua da herritarrak horretara joatea beraien ekarpenak egin ditzaten.
"Erakunde publikoak komunitate energetikoen bidelagun izan daitezke, baina ez gidari; planteamendua behetik gorakoa izatea da hasiera hasieratik"
Zein da Urdulizko Udalaren eta gainontzeko administrazioko erakundeakaz duzuen harremana?
Urdulizen duela zenbait hilabete eman genion lehen bultzada prozesu honi, eta, horretarako, Goienereko adituak gai honen inguruan gonbidatu genituen lehen azalpen bat ematera. Horren ondoren, CERES deitutako proiektua ailegatu zen Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatera, eta horrek aukera berri bat sortzen zuen udalerri ezberdinetan komunitate energetikoak martxan jartzeko. Hala, Urdulizko Udalak prozesu hau garatzeko zenbait azpiegitura jarri ditu eskuragarri, baita hedakuntza sustatu ere; adibidez, etxe guztietara esku-orri bat bidaliz. Komunitatea energetikoa osatzen denean, Udalak aukera izango du ere bazkide izateko, beste eragile eta herritarrakaz batera. Erakunde publikoak komunitate energetikoen bidelagun izan daitezke, baina ez gidari; planteamendua behetik gorakoa izatea da hasiera hasieratik.
Sei saio antolatu dituzue komunitatea eratzeko prozesuan. Zer landuko da saio horietan eta zer espero duzue prozesu parte-hartzaile horretatik?
Lehen saioa kontzeptu orokorrak eta komunitate energetikoen onurak zeintzuk diren lantzeko balio izan zuen. Bigarrenean (apirilak 16), teknologia desberdinen berri eman eta horiek nola aplikatu ikasiko dugu. Hirugarrenean (apirilak 30), energia komunitatea nola finantzatu daitekeen ikasiko dugu. Laugarrenean (maiatzak 14), eredu juridikoak, arauak eta estatutuak aztertuko ditugu. Bostgarrenean (ekainak 4), energia komunitatea nola kudeatu ikasiko dugu. Azken saioa ekainaren 18an egingo dugu eta energia komunitatea martxan jartzen ikasteko balioko digu.
Energia komunitateek aurrezpen ekonomikoa, ingurumenaren babesa eta gizarte-kohesioa sustatzen dituztela diozue. Nola nabarituko dute hori praktikan Urdulizko herritarrek?
Komunitatearen bazkide egiten diren herritarrek haien elektrizitatearen ekoizleak ere izango dira, haien karbono isurketa murriztuko dute, eta burujabetza energetikoa gauzatzen duen ekimen baten bultzatzaile eta partaide izango dira.
Proiektuaren beste helburuetako bat kanpoko energia-mendekotasuna murriztea dela azaldu duzue. Zer esan nahi du horrek herri-mailan?
Energia, elikadura bezala, kanpotik ekarrita edo zero kilometrokoa izan daiteke. Bertan ekoiztuta, kanpoko mendekotasuna ekidi daiteke, baita energiagaz ere. Herri-mailan, zenbat eta energia ekoizteko azpiegitura gehiago martxan jarri, kanpoan ekoiztutako argindarraren mendekotasuna murriztu egiten da.
"Prozesu hau CERES ekimenaren eskutik egingo dugu, beste zenbait udalerritan proiektuak martxan jarri dituzte eta, bide hau nola egin ongi baitakite"
Beste herri batzuetan ere ari dira antzeko proiektuak sortzen. Zein ikasgai edo esperientzia hartu dituzue kontuan Urdulizko proiektua abiatzerakoan?
Prozesu hau CERES ekimenaren eskutik egingo dugu, beste zenbait udalerritan proiektuak martxan jarri dituzte eta, bide hau nola egin ongi baitakite. Esperientzia asko daukate kontu hauetan eta itxaropena dugu gurean horrelako ekimen bat sortzeko prozesua ez dela zaila izango.
Epe ertainera begira, nolakoa irudikatzen duzue Urdulizko komunitate energetikoa martxan dagoenean?
Gai honekiko atxikimendua uste dugu zabala izan daitekeela, eta profil desberdinetako jendea elkartuko garela. Interes pertsonalei begiratzeaz gain, herrian elkarrekin ekimen berri hau aurrera ateraz gero, uste dugu giza komunitatea ere indartuko dela. Azken boladan, Belatzgorri Mendi Taldea eta Orbizta euskara elkartea sortu dira; orain, komunitate energetiko hau sortuz, herria egiten ari garela uste dugu, modu desberdinak izan arren, elkarren osagarriak baitira.