Egitasmoaren indargunea: ibilbide gidatuak, irisgarriak eta aurretiko esperientziarik behar ez dutenak dira, 2 eta 4 ordu arteko iraupena izango dutenak. Helburua edonork, bere erritmora, ingurunea ezagutzea eta paisaiaren bidez ikastea da, modu atsegin eta ulergarrian.
Aurtengo lehen hitzordua apirilaren 26an izango da, "Urdulizen historia harrietan zehar" ibilbideagaz. Aintzane Goffard geologoak gidatuko du, eta parte-hartzaileek udalerriko paisaia nola eratu den ulertzeko aukera izango dute, naturan ikus daitezkeen aztarnen bidez.
Ibilbidea oinez egingo da, zailtasun txikikoa izango da eta bi orduko iraupena izango du. Bi txanda egongo dira, 10:00etan eta 12:00etan, Urdulizko Kultur Etxetik abiatuta. Izen-ematea apirilaren 13an irekiko da, Udalaren webgunearen bidez eta Tantak plataforman.
Txiri Txiri urte osoan zehar garatuko da, apirilean, maiatzean, urrian eta azaroan. Ibilbide bakoitzean naturagaz konektatzeko, ingurunea zaintzeko eta tokiko ondarea hobeto ezagutzeko aukera eskainiko du.