1937ko Burdin Hesiaren aztarnak ezagutzeko ibilaldi gidatua antolatu da maiatzaren 17rako

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 30a

Ibilaldia domeka goizean egingo da eta Andra Mari elizan izango du abiapuntua.

Urdulizek bere memoria historikoa gertutik ezagutzeko aukera eskainiko du maiatzaren 17an. Udalak eta hainbat erakundek elkarlanean, Santa Marina inguruan kokatutako Burdin Hesiaren aztarnak bisitatzeko ibilaldi gidatua antolatu dute, 1937ko gertaerak gogora ekartzeko helburuagaz.

Ekimenak parte-hartzaileei aukera emango die Gerra Zibilean Bilbo defendatzeko eraikitako defentsa-sistemaren zati bat bertatik bertara ezagutzeko. Burdin Hesia funtsezko azpiegitura izan zen garaiko testuinguru historikoan, eta Urdulizko Santa Marina eremuan oraindik ikus daitezkeen arrastoek garai hartako errealitatea ulertzen laguntzen dute.

Ibilaldia domeka goizean egingo da, 09:30etik 13:00etara, eta Andra Mari elizan izango du abiapuntua. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik, eta plazak mugatuak dira. Interesa dutenek 94 676 20 61 telefono zenbakira deituta egin dezakete inskripzioa.

Gainera, parte-hartzaileek oinetako egokiak eramatea gomendatu dute, ibilbidea naturgunean barrena egingo baita. Jarduerak ez du soilik ikuspegi historikoa eskainiko; ingurunea eta ondare naturala ezagutzeko aukera ere izango da.

Ekimen hau Urdulizko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta EdestiAurre arkeologia elkartearen elkarlanaren emaitza da, besteak beste. Antolatzaileen arabera, helburua ondare historikoa balioan jartzea eta herritarren artean memoria kolektiboa sustatzea da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun