Urduliz irudikatzeko doako ibilbide gidatuak egingo dituzte maiatzaren 24an

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 19a

Parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik.

Txiri Txiri Urduliz egitasmoaren barruan, doako ibilbide gidatuak antolatu dituzte maiatzaren 24rako, domeka, "Urduliz irudikatzen" izenburupean. Ekimenaren helburua herria oinez ezagutzea, behatzea eta etorkizuneko Urduliz nolakoa izan daitekeen elkarregaz irudikatzea da.

Ibilbidea Urdulizko kale eta inguruetan barrena egingo da, eta Lide Rodriguez izango da gidaria. Rodriguez jasangarritasunagaz lotutako proiektuetan aditua da, eta haren laguntzagaz parte-hartzaileek herriaren oraina aztertzeko eta etorkizuneko aukerei buruz hausnartzeko aukera izango dute.

Antolatzaileek azaldu dutenez, jarduera publiko guztiei zuzenduta dago, eta ibilbidea guztiz irisgarria izango da. Gainera, zailtasun erraza izango du eta bi ordu inguruko iraupena aurreikusi dute.

Bi txanda egongo dira aukeran: 10:00etatik 12:00etara eta 12:00etatik 14:00etara. Abiapuntua Urdulizko Kultur Etxea izango da, eta txanda bakoitzean 25 plaza egongo dira eskuragarri.

Parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik, maiatzaren 11tik 19ra, honako esteka honetan: https://reserva.tantak.eu/eu/. Informazio gehiago jasotzeko, antolatzaileek iratxe@tantak.eu helbidea jarri dute harremanetarako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun