Jaialdiak Urduliz musikaz, giro onez eta askotariko proposamenez betetzea zuen helburu, zuzeneko musikagaz, hainbat eszenatokiakaz, foodtruck -ekaz eta adin guztietarako pentsatutako egitarauagaz. Antolatzaileen esanetan, ekimena tokiko kulturari bultzada emateko sortu da, inguruko sorkuntza, topagunea eta jai-giroa uztartuz.
Hala ere, antolakuntzak azaldu duenez, hornitzaileakaz azpiegitura eta zerbitzu kontratuak lotuta izan arren, azken orduko arazo teknikoek ezinezko egin dute gunea behar bezala eta garaiz prestatzen hastea. Egoera horrek ez luke bermatuko jaialdia modu egokian eta seguruan garatzeko behar diren gutxieneko epeak betetzea.
Horren aurrean, "erabaki zaila, baina beharrezkoa" hartu dutela adierazi dute Eztandako lan taldeko kideek. Haien lehentasuna, Udalagaz batera, jaialdia uda osteran berriro programatzea da, oraindik zehazteke dagoen data batean.
Sarrerei dagokienez, oraingoz ez dute zehaztu zer gertatuko den; izan ere, azken uneko oztopoa izan da. Baliteke daborduko erositako sarrerak data berrirako baliagarriak izatea, baina oraindik ez dago argituta zer aukera izango duten data berrian jaialdira joan ezin diren pertsonek.
Antolatzaileek jakinarazi dute programazioan aurreikusitako taldeakaz harremanetan jarriko direla, data berri bat adosteko eta parte-hartzaileen aukeretara moldatzeko. Era berean, ulertzen dute talde edo eragile batzuek ezingo dutela data berrian parte hartu.
Eztandako lan taldeak barkamena eskatu du aldaketa honek sor ditzakeen eragozpenengatik, eta eskerrak eman dizkie parte-hartzaileei, eragileei eta herritarrei une honetan erakutsitako ulermenagatik eta babesagatik.