#0KM - Berton bertokoa

Iñigo Fernandez, musika irakaslea: "Ikusita dago musika dela burmuin osoa aktibatzen duen jarduera"

Laura Fontalba Colomo 2026ko ekainaren 5a

Iñigo Fernandez Musikatzen musika eskolako irakaslea.

Iñigo Fernandezek musika eskola txiki bat dauka Urdulizen: Musikatzen Musika Eskola. Bertan, musika maisua da beste sei irakasleakaz, eta azaldu duen bezala, hainbat instrumentu jotzeko aukera eskaintzen dute adin guztientzako ikasleentzat.

Eskolan eskaintzen dituzten aukerak asko dira: bateria eta perkusioa; gitarra, baxua eta ukelelea; pianoa edo teklatu elektronikoa; kantua, baita kantu modernoa ere; edo tronpeta eta saxofoia jotzen ikasteko aukera. "Orain dela lau urte ireki genuen eskola eta, egia esanda, nahiko erantzun baikorra eduki dugu. Hasieratik herriko jendea asko interesatu zen eta ia hasieratik eskola beteta eduki dugu", kontatu du Fernandezek.

Azaldu duen bezala, sei urte arte, umeak jolas musikalak egiten hasten dira, erritmoa eta entzumena hedatzeko helburuagaz. Zazpi edo zortzi urtegaz, berriz, ondo irakurtzen eta idazten dakitenean, figurak ezagutzen hasten dira, instrumentuak eta hezkuntza musikala ikasteko helburuagaz. "Normalean, txikiak direnean, klaseak zortzi umeko taldeetan egin daitezke. Gazteak direnean, berriz, gehienez lau ikasle elkartzen dira, baina ohikoena klaseak banaka egitea izaten da", azaldu du.

Fernandezek nabarmendu duenez, askotan badirudi adinagaz gauza berriak ikasteko eragozpenak agertzen direla; bere eskolan, berriz, eragozpenik ez dagoela baieztatu du: "Ikusita dago musika dela burmuin osoa aktibatzen duen jarduera; orduan, hori pertsona guztientzako 'kriston' aktibitatea da". Dionez, eskolan 60 eta 80 urte bitarteko ikasle nagusiak dituzte, eta adindunak izan arren, ikasten doazela eta aurrera pausoak ematea posiblea dela erakusten dute. Hala ere, berak azaldu du duela gutxi zientziak ikusi zuela gure plastikotasun sinaptikoa ez dela guztiz galtzen; beraz, nahiz eta adinekoa izan oraindino gauza berriak ikasi ditzakete: "Nik hori hemen frogatu dut eta gehien betetzen nauena dela esan dezaket".

Bestalde, jakinarazi duenez, musika arloan erronka nagusiena ohitura edukitzea da; frekuentzia bategaz entseatzea eta konstantzia edukitzea oso garrantzitsua da trebetasuna garatzeko. Umeen kasuan, dioenez, musikak euren diziplina garatzen du, baina umeek ez dakite hori landuko dutela. Hala ere, Fernandezek adierazi du askotan umeak helburu barik heltzen direla, euren gurasoak eramaten dituztelako, hala gitarra bat ikusi dutelako eta gustatu zaielako, "baina ez helburu argi batekin". Prozesuan sartzean, berriz, haiek bakarrik sentitzen dute praktikaz gauza politak ateratzen direla: "Ez diegu ezer esan behar, haiek bakarrik ikusten dute praktika mantentzen badutela helburua lortuko dutela".

Musika irakasleak etorkizun ona hautematen dio eskolari; zeren, dioenez, zailena eginda dago: makina arrankatzea, publizitatea egitea eta jendea ezagutzea. "Abiadura hartuta, gauzak ondo eginda eta jendea klaseekin pozik egonda, ia eskola bakarrik joaten da", ospatu du berak.

Orain, kurtso amaiera prestatzen ari dira eta ikasle guztiek elkarregaz jotzeko saioa egingo dute. Fernandezek azpimarratu duenez musika, batez ere, taldean hala jendegaz jotzeko da, eta norberak bakarrik jo dezakeen arren, "oso polita da besteekin jotzea". Ziurtatu duenez, "ekitaldia 'kriston' lana da eta horregatik egiten dugu bakarrik kurtso amaieran, baina haientzako oso baliagarria dela iruditzen zaigu. Oso polita baita".

Matrikula egiteko epea 

Fernandezek azaldu duen moduan, izena emateko matrikula urte osoan zehar zabalik dago. Ohikoena jendea ekainean, uztailean hala irailean apuntatzea da; baina, normalean, hutsune batzuk geratzen direnez, urtean zehar ere plaza libreak izaten dituzte.

Matrikula sare sozialen bidez, WhatsAppetik –689 360 906– edo urdulizmusikatzen@gmail.com helbidearen bidez egin daitekeela jakinarazi du; eta, noski, bertara joateko aukera ere badago, zalantza guztiak galdetzeko, beragaz hitz egiteko baita eskola ezagutzeko eta ikusteko ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun