Urdulizko EAJk zorroztasun falta salatu du HAPOaren Aurrerapenean

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 8a

EAJren arabera, helburua Urdulizen garapen orekatua eta jasangarria bermatzea izan behar da. © EAJ

Urdulizko EAJ kezkatuta agertu da Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Aurrerapenean jasotako hainbat proposamenen inguruan. Jeltzaleen arabera, Udal Gobernuak etorkizunerako aurkeztu dituen zenbait jarduketak ez dute oraindik beharrezko definizio tekniko, ekonomiko eta juridikorik.

Alderdiak bereziki aipatu du landa-eremuan eta jabetza pribatuko lurretan udal igerileku bat egiteko aukera. EAJren esanetan, ohikoa da hirigintza-plangintzan etorkizuneko ekipamenduetarako lurzorua erreserbatzea; hala ere, bideragarritasun-azterketarik eta aurreikuspen ekonomikorik gabe horrelako proiektuak aurkezteak "bete ezin diren itxaropenak" sor ditzake herritarren artean.

Hezkuntzaren eta ekipamenduen arloan ere kezka azaldu dute jeltzaleek. Haien ustez, dokumentuak ez ditu eskolatze-beharrak edo etorkizuneko ikasle-ratioen bilakaera behar beste aztertzen. Gainera, hezkuntza-azpiegitura jakin batzuen plangintza beste administrazio batzuen eskumena dela gogorarazi dute.

Hirigintza-ereduaren inguruko kritikak

Etxebizitzaren arloan, EAJk EH Bilduri oposizioan defendatutako hirigintza-ereduarekiko kontraesanetan erori izana egotzi dio. Jeltzaleen arabera, HAPOaren Aurrerapenak gehienez 1.174 etxebizitza aurreikusten ditu, indarrean dagoen planeamenduko sektoreak eta garapen berriak barne hartuta.

Alderdiak gogorarazi du EH Bilduk lehen gogor kritikatu zituela Osteikoko garapena eta ospitalerako sarbideakaz lotutako jarduketak. Orain, ordea, EAJren esanetan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek sustatutako HAPOaren Aurrerapenak azpiegitura hori udalerriaren etorkizuneko hazkundearen elementu gisa jasotzen du.

Horrez gain, EAJk dokumentuak bi bizitegi-sektore berri jasotzen dituela salatu du; hau da, Gotzon 57 etxebizitza egitea aurreikusten da, eta Antsonekon 77. Jeltzaleen arabera, proposamen horiek gaur egun landa-lurrak diren eremuak etxebizitzetarako erabiltzea eta, beraz, lurzoru horiek birkalifikatzea ekarriko lukete.

EAJren ustez, HAPOaren berrikuspena "erantzukizunez, adostasun instituzionalarekin eta segurtasun juridikoarekin" landu behar da. Haien esanetan, helburua Urdulizen garapen orekatua eta jasangarria bermatzea izan behar da, betiere herritarren benetako beharrei erantzunez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun