Euskarazko bideo laburren lehiaketa abiatu dute Urduliz Link Up jaialdiaren bueltan

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 15a

Epaimahaiak sormena, originaltasuna, euskararen erabilera eta gaiaren egokitasuna baloratuko ditu

Urduliz Link Up jaialdiaren atarian, Orbizta Elkarteak Link Up Euskarazko Bideo Lehiaketa jarri du martxan. Ekimenaren helburua teknologia, gaming-a eta komunitatea euskaraz kontatzeko eta gazteen sormena sustatzeko espazio bat zabaltzea da.

Lehiaketa Euskal Herriko 16 urtetik gorako pertsonentzat dago zabalik, eta parte-hartzea doakoa izango da. Parte-hartzaileek Urduliz Link Up jaialdiaren inguruko bideo laburrak sortu beharko dituzte, euskaraz, euren ikuspegia, umorea edo talentua erakutsiz. Bideoek gehienez 60 segundoko iraupena izango dute, eta antolatzaileek formatu bertikala gomendatu dute, sare sozialetarako egokia izan dadin.

Lanak TikTok edo Instagram bidez argitaratu ahal izango dira, @urduliz_link_up kontua etiketatuta; bestela, mezu pribatu bidez ere bidali ahal izango dira plataforma horietan. Bideoak aurkezteko azken eguna ekainaren 21a izango da, 23:59ak arte.

Epaimahaiak sormena, originaltasuna, euskararen erabilera eta gaiaren egokitasuna baloratuko ditu. Irabazle bakarra egongo da, eta 200 euroko saria jasoko du. Emaitza ekainaren 25ean jakinaraziko dute, Urduliz Link Up-en eta Orbizta Elkartearen sare sozialen bidez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun