Lehendakariak eta ahaldun nagusiak industriaren garrantzia estrategikoa nabarmendu dute Urdulizko Lointek enpresara egindako bisitan

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 18a

Imanol Pradales lehendakariak Lointek enpresa bisitatu du duela gutxi. © URDULIZKO EAJ

Urdulizko EAJoso positibotzat jo du Imanol Pradales lehendakariak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak Lointek enpresara egindako azken bisita. Jeltzaleen arabera, Urdulizen kokatutako enpresa hori Uribe Kostako ahalmen ekonomiko eta industrialaren erakusgarri da, eta eskualdearen garapenari, berrikuntzari eta kalitatezko enpleguari egiten dion ekarpena aitortu beharra dago.

Alderdi jeltzaleak azpimarratu du bisita instituzional horiek eskualdeko industria-sarearen lana aitortzeko balio dutela, bereziki nazioartekotzearen, berrikuntzaren eta enplegu egonkorraren aldeko apustua egin duten enpresen kasuan. "Lointek bezalako enpresek gure eskualdearen ahalegina, egokitzeko gaitasuna eta industria-lidergoa islatzen dituzte. Aberastasuna sortzen duten, aukerak sortzen dituzten eta gure udalerrien ongizateari ekarpen erabakigarria egiten dioten konpainiak dira", adierazi dute EAJtik.

Jeltzaleen ustez, industriak lehentasun estrategikoa izaten jarraitu behar du Bizkaiaren eta Euskadiren etorkizunean, eta Uribe Kosta ez dela soilik bizitegi-eremu bat gogorarazi dute; aitzitik, lurraldearen ekonomian zeregin garrantzitsua duen enpresa eta industria sare sendoa ere baduela nabarmendu dute. Horregatik, inbertsioa, berrikuntza, prestakuntza espezializatua eta kalitatezko enplegua bultzatzeko politikak indartzearen alde egin dute.

Urdulizko EAJk gaineratu du industria-hazkundea ez dela "kasualitatez" gertatzen, eta beharrezkoa dela planifikazioa, entzute aktiboa, lankidetza publiko-pribatua eta jarduera ekonomikoa sortzen dutenei laguntzeko jarrera iraunkorra. Ildo horretan, Urdulizek eta Uribe Kostak enpresentzat erakargarri izaten jarraitu behar dutela defendatu dute, egonkortasuna, azpiegitura egokiak eta erakundeen arteko lankidetza oinarri hartuta.

Azkenik, Lointek bezalako enpresek proiektu berriak garatzen, enplegua sendotzen eta talentua eskualdera erakartzen jarraitu ahal izateko baldintzak sortzearen garrantzia nabarmendu dute jeltzaleek. "Urdulizek eta Uribe Kostak aukera, berrikuntza eta garapen ekonomikorako espazioak izaten jarraitzeko gaitasuna dute", ondorioztatu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun