Antolatzaileek azaldu dutenez, jaialdiaren erdiguneetako bat LAN gunea izango da: 150 ekiporentzako lekua izango duen espazio itxia, parte-hartzaileek hiru egunez sarean jokatzeko, lehiatzeko eta esperientziak partekatzeko. Horrez gainera, Link Up Plaza izeneko gune irekia egongo da, herritar guztiei zuzenduta; bertan, kontzertuak, erakustaldiak, tailerrak, bideojokoak, gastronomia eta bestelako jarduerak eskainiko dituzte.
Egitaraua barikuan, ekainaren 19an, abiatuko da jendaurrean, 12:00etan egingo duten inaugurazio-ekitaldiagaz. Egun horretan bertan izango dira, besteak beste, 3D boligrafoaren inguruko tailerra, Tekken 8, Mario Kart eta FC txapelketak, moddingari eta adimen artifizialari buruzko saioa, Game Boyrako jokoak sortzeari buruzko hitzaldia, Fisicomic bakarrizketa eta zinema-quiz bat.
Zapatuan izango da jarduera gehieneko eguna. Goizean yoga saioa, Star Wars unibertsoan inspiratutako Legion 501en desfilea eta bideojokoen eraldaketa sozialari buruzko hitzaldia egingo dituzte, eta arratsaldean K-Pop Challengea, arte digitaleko tailerra, sare sozialen erabilerari eta osasun mentalari buruzko solasaldia, cosplay lehiaketa, Random Dancea eta bideojokoen finalak izango dira. Domekan, berriz, Magic karta-txapelketa, LudoSport erakustaldia eta 42 Urduliz Bizkaiak eskainiko dituen familientzako programazio eta adimen artifizialeko tailerrak izango dira, besteak beste.
Urduliz Link Up Amigos de la Informática Urduliz Link Up elkarteak bultzatutako irabazi asmorik gabeko ekimena da, Urdulizko Udalaren babesagaz. Antolatzaileen helburua kultura digital osasuntsua, sormena eta komunitatea sustatzea da, familia-giroko jaialdi baten bidez eta teknologiarekiko zaletasuna belaunaldi ezberdinen artean partekatzeko aukera eskainita.