Correoseko langile faltaren ondorioak Urdulizera heldu dira

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 14a

Correosek 25 kontratu inguru baino ez ditu aurreikusi Bizkaia osorako uda honetan.

CCOO sindikatuak salatu duenez, Urdulizek ez du egunero posta-zerbitzua jasotzen, Correosek langileen oporrak betetzeko kontratazioa murriztu izanaren ondorioz. Egoera bera dute Bizkaiko beste hiru udalerritan: Munitibarren, Aulestin eta Nabarnizen.

Sindikatuak emandako datuen arabera, Correosek 25 kontratu inguru baino ez ditu aurreikusi Bizkaia osorako uda honetan. Horien bidez, gainera, posta-banaketan ez ezik, bulegoetan eta zentro logistikoetan sortutako hutsuneak ere bete behar dira. Kontratuen erdiek baino gehiagok hilabeteko iraupena izango lukete.

CCOOrentzat kopurua ez da nahikoa udako beharrei erantzuteko. Izan ere, sindikatuak azaldu du oporretan dauden langileak behar bezala ordezkatu ezean lanean jarraitzen duten beharginek lan-karga handiagoa hartu behar dutela beren gain. Horrek, haien esanetan, langileen egunerokoan ez ezik, “herritarrek jasotzen duten zerbitzuan ere badu eragina”.

Urduliz, kaltetutako herrien artean

CCOOren arabera, horren adibide da Urduliz; langile faltaren ondorioz, herrian ez dago bermatuta eguneroko posta-banaketa. Sindikatuak azaldu du azkenaldian egoera hori hainbat udalek ere salatu dutela.

Correosek Bizkaian mila langile inguru dituela gogorarazi du CCOOk, eta udarako egindako plangintza gogor kritikatu du. Sindikatuaren esanetan, langile faltak “lan-baldintza prekarioak, ez-seguruak eta osasungaitzak” sortzen ditu eta, aldi berean, zerbitzu publikoaren kalitatea okertzen du.

CCOOk dio egoera ez dela ustekabekoa izan. Oporraldia hasi aurretik egindako kontratazio-batzordean dagoeneko ohartarazi zuen aurreikusitako ordezkapenak ez zirela nahikoak izango. Uda erdira iritsita, sindikatuak langile faltaren ondorioak agerian daudela berretsi du, bai beharginen lan-kargan, bai hainbat herritan eskaintzen den posta-zerbitzuan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun