Urdulizko Iparralde Kiroldegia ateak irekitzeko prest dago

Laura Fontalba Colomo

Jardueraz betetako egitarauagaz inauguratuko dute Iparralde Kiroldegia.

Zaharberritze lanak amaituta, Iparralde Kiroldegiaren ate irekien jaurdunaldia egingo dute irailaren 26an, 10:30etik aurrera. Pilota eta pala, boxeo eta kickboxing, gimnasia erritmiko eta eskubaloiko jarduera eta erakustaldiak egingo dituzte, besteak beste.

Lan horien helburua energia- eta eraikuntza-birgaitzea egitea izan da, eraikinak zituen erabilera- eta energia-eraginkortasuneko gabeziak konpontzeko, eta instalazioen funtzionamendua optimizatzeko. Irisgarritasunari eta suteen aurkako araudiari egokitzea ere proiektuaren parte izan zen; eta kontratazio-espedientean, gainera, kiroldegiaren eraikuntza-lanez gain, metal-arotzeriako eta berokuntza, aireztapen eta klimatizazio instalazioetako lanak agertzen ziren. 

Berritze-lan horiek 2025ean hasi ziren. Hasierako lizitazio-aurrekontua 2,95 milioi eurokoa zen BEZa barne, eta 2025eko otsailean Construcciones Castellano S.A. enpresari esleitu zioten 2.413.255,67 euroan, BEZa barne. 

Hasieran, 12 hilabeteko gauzatze-epea aurreikusi zuten, baina ondoren kontratua aldatu eta epea bi hilabete luzatu zuten. 2026ko martxoan egindako aldaketak, gainera, 446.452,28 euroko gehikuntza ekarri zuen.

Azkenik, irailaren 26an egingo dute kiroldegiaren inaugurazioa. Instalazio berrituak ezagutzeaz gain, herriko klubek pilota eta pala, boxeo eta kickboxing, gimnasia erritmiko eta eskubaloi erakustaldiak ere egingo dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun