Udalak azaldu duenez, laguntzak abonamenduak ez ezik, helduentzako eta adingabeentzako igeriketa-ikastaroak eta bestelako ur-jarduerak ere hartzen ditu barne. Desgaitasuna duten pertsonentzat, gainera, baldintza bereziak aurreikusten direla gaineratu dute; izan ere, beharrezkoa bada, udal-titulartasunekoak ez diren instalazioetarako ere laguntza jaso dezakete.
Laguntzen zenbatekoak modalitatearen arabera aldatuko direla azaldu dute. Helduen banakako abonamenduan, gehienez 8 eurokoa hilean edo 96 eurokoa urtean; adingabeen, jubilatuen edo pentsiodunen kasuan, 4 eurokoa hilean edo 48 eurokoa urtean; familia-abonamenduan, 12 eurokoa hilean edo 144 eurokoa urtean; igeriketa-ikastaroetan, 5 eurokoa hilean edo 60 eurokoa urtean; eta ur-jardueretan, 8 eurokoa hilean edo 96 eurokoa urtean. Desgaitasuna duten pertsonentzako egokitutako ikastaro edo jardueretan, berriz, laguntza 20 eurokoa izan daiteke hilean, eta gehienez 200 eurokoa urtean.
Laguntza eskatzeko, 2026ko urtarrilaren 1etik gutxienez Urdulizen erroldatuta egon behar da, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan. Eskaerak gaurtik, irailaren 24tik, abenduaren 11ra arte aurkez daitezke, Udal Erregistroan —Elortza plaza, 1— edo egoitza elektronikoaren bidez.