
Biniloland ekimenaren hurrengo saioa gaur izango da, irailaren 30ean, 19:00etan, Urdulizko Gaztelekuan. Saio bakoitzean abestiak entzun, haien sorreraren eta testuinguruaren inguruko istorioak ezagutu eta parte-hartzaileen iritziak partekatzen dira.
Azaldu duten moduan, helburua biniloaren kultura eta musika entzuteko modu pausatuagoa berreskuratzea da: abestien atzean dauden istorioak, letra, memoria sozial eta politikoa, B aldeak, azal grafikoak eta zentsuraren historia edo bildumagintza bezalako gaiak lantzen dituzte. Era berean, belaunaldi ezberdinen arteko zubiak sortzea eta musika modu kolektiboan entzutea sustatu gura dute.
Gainera, Urdulizko musika-komunitatea indartzeko ere balio izango du. Nabarmendu dutenez, herriak biniloak grabatzeko planta, grabazio-estudioak, zuzeneko musika babesten duten tabernak, taldeak eta jaialdiak ditu; beraz, egitasmoak musika eta haren istorioen inguruko "entzule-komunitate berri bat" sortzea du helburu.